Euskal Hockey Selekzio absolutuak lagunarteko bi partida izango ditu uztailaren 8an eta 9an Getxon eta Donostian, Portugalen aurka. Federazioak boluntarioak eskatu zituen bi hitzordu horietarako. Peio Garaio Ganbegi Hockey Taldeko kapitainak bere hautagaitza aurkeztu zuen eta onartu dute.
Gauzak horrela, bi entrenamendu izango ditu gainerako 29 taldekideekin eta Euskal Selekzioko kamiseta jantziko du. Garaiok azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari aukera polita dela eta urduri bezain gogotsu dabilela: "Maila handiko jokalariekin arituko naiz. Batzuk Madrilen, Bartzelonan, Getxon edota Donostian lehiatzen dira mailarik gorenenean".
Laudioarrak aipatu du askoren kontra jokatu duela jadanik, "baina batzuek kanpora jo zuten elitean parte hartzeko".
Berez, Garaio hiru aldiz lehiatu da selekzioarekin aurretik, behin 16 urtetik azpiko taldearekin eta beste bi 18 urtetik azpikoarekin. "Edonola ere, lehen aldia da kategoria absolutuan zerbait antolatzen dela eta probatzeko balioko du", azaldu du laudioarrak.