OIHANE SALCEDO

“Endorfinek ematen duten ongizateaz berriz gozatzea izugarria izan da!”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 20a, 07:00
Gorobel Crossfiteko kidea da Oihane Salcedo. / Aiaraldea.eus

OIHANE SALCEDO (Laudio, 1983) bigarren haurdunaldiaren ostean murgildu zen Crossfitaren munduan, kirola egiteko premiaz. Duela bi aste Manchesterren izan da Hyrox modalitateko munduko txapelketan lehiatzen.

Crossfiteko Hyrox modalitatean aritzen zara zu. Zertan datza modalitate hau?

Hyrox modalitatean aritzen naiz ni; Crossfiteko lasterketa bat da, finean. 8 kilometroko ibilbidea osatu behar dugu korrika, eta kilometro bakoitzaren artean Crossfitetik datorren indar edo erresistentzia proba bat egin behar dugu.

Beti dira proba berdinak: lehenengoa mila metro esku, bigarrena lera bultzatzea, hirugarrena lera tiratzea, laugarrena burpeeak egiten aurrera jauzi egitea 80 metroan, bosgarrena mila metro arraun makinarekin, seigarrena txinga moduko batzuk egitea, zazpigarrena zakua garraiatzea eta azkena wallball, sentadillak eta sei kiloko pilota baten jaurtiketa diana batera.

Munduko txapelketan izan zara Manchesterren baina aurretik bide luzea egin duzu.

Txapelketa honetara iristeko giltza Malagan egin nuen sailkapenak eman zidan. Lehenengoa izan nintzen. Bilbon ere parte hartu nuen eta hirugarren postua lortu nuen. Sailkapen orokorreko emaitzak eraman ninduen Manchesterrera.

“48 ordu horietan Gorobel Crossfiteko kideek, familiak eta lagunek asko animatu ninduten baiezkoa eman nezan”

Nolakoa izan zen Manchesterrera joateko deialdia jaso zenuen unea?

Malagan sailkatu ostean mezu bat jaso nuen Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera nuela esanez. 48 ordu nituen deialdiari erantzuteko, bestela sailkapen orokorrean nire azpitik geratutakoari emango zioten aukera.

Asko pentsatu nuen, buruari buelta eta buelta igaro nituen bi egunak. Oso ziur nengoen ez nintzela joango, gero iritziz aldatu nuen. Azkenean, epea amaitzeko ordubete falta zenean, baiezkoa eman nuen. 48 ordu horietan Gorobel Crossfiteko kideek, familiak eta lagunek asko animatu ninduten baiezkoa eman nezan. Haien laguntza eta animoei esker, erabaki egokia hartu nuen. Gorobelen, gainera, ni laguntzeko zozketa bat prestatu zuten. Bihotz bihotzez eskertzen dizkiet eskainitako laguntza eta aholku guztiak.

Nola prestatu zenuen Manchesterreko hitzordua?

Hyrox modalitatearen barruan maila desberdinak daude, emakumezkoetan women edo pro-women dira maila horiek. Ni orain arte women modalitatean lehiatzen nintzen, eta Malagako proba ere modalitate horretan egin nuen. Manchesterreko txapelketan, ordea, kategoriak bateratu eta bakarra egin zuten: pro-women. Ondorioz, ohitua nengoena baino pisu gehiagorekin lehiatu behar nuen proban; womenekin pisu gutxiago eta errepikapen gutxiago egin behar izaten dira.

Bost aste izan nituen pisu horrekin entrenatzeko. Prestatzaile berezi batekin entrenatu nuen. Pisua ezezaguna zitzaidanez, estrategia ez nuen oso argi. Horregatik, lasterketan kontserbatzaile aritu nintzen, probetan ez zigortzeko. Azkenean espero baino hobeto atera zitzaidan.

Nolako esperientzia da Munduko Txapelketan aritzea?

Oso polita. Denboraz oso larri iritsi ginen, txapelketaren inaugurazioko herrialdeen desfilea galdu genuen. Elite mailako txapelketa ikusteko aukera izan genuen, ordea, munduko hamabost hoberenak gizonezko eta emakumezkoen kategorietan. Ikusgarria izan zen, oso giro ona zegoen. Niri kirola beti gustatu izan zait, eta giro horretan oso pozik ibiltzen naiz.

Guk bigarren egunean geneukan proba. Oso gaizki egin nuen lo urduritasunagatik. Probarekin hasi bezain laster pasa zitzaizkidan kezka guztiak, burua beste kontu batean zentratzen da. 

Espero zenuen lortutako marka?

Espero nuen denbora gehiago egitea. Ordu bat eta hemeretzi minututan osatu nuen lasterketa, eta nire aurreikuspenen arabera, sei minutu gehiago tardatzea espero nuen. Proba berria zen niretzat, nire ohiko pisuarekin askoz denbora gutxiagoan osatzen dut ibilbidea. Seme nagusiari beti esan izan diot, bizitzan lortu nahi dituen helburuak, zailak iruditu arren, lortzeko modu bakarra norberaren buruarenganako konfiantza eta saiatzea direla. Agurtu ginenean munduko txapelketa irabazi behar nuela esan zidan. Nik erantzun nion ahalik eta hoberen egingo nuela, baina, irabaztea ezinezkoa zela. Berak hau erantzun zidan: “Ama, zu saiatu eta egin esfortzua, eta horrela lortuko duzu; gogoratu Athletickek Bartzelonari irabazi ziola!!!” (barreak).

Oso pozik nago denboraldiko emaitzekin: Espainiako lehenengoa nire kategorian; munduko 22. eta estatuko ranking orokorrean ( adin maila guztien artean) 4. denborarik onena.

Nola murgildu zinen Crossfitaren munduan?

Nire bigarren haurdunaldiaren ostean denbora luze egon nintzen kirola egin gabe. Betidanik egin izan dut, batez ere korrika. Haurdunaldi baten ostean, eta kirola egiten hasi aurretik, oso inportantea da zoru pelbikoa lantzea, nik fisio batekin landu nuen. Horren ostean prest nengoen berriro ere kirolera bueltatzeko. Motibazioa behar nuen, eta urte eta erdiren ostean Grobel Crossfiten eman nuen izena, talde lana bilatzen nuelako nagusiki.
Hasi eta gutxira Hyrox modalitatea ezagutu nuen. Korrika egitetik nentorrenez asko erakarri ninduen. Crossfitean alterofilia asko sartzen da eta hori ez nuen hainbeste gogoko, baina korrika eta indar lana bai, asko.

Praktikatzen hasi nintzen, izena eman nuen lasterketetan eta,  Malagako lasterketari esker, Munduko Txapelketan sailkatu nintzen; zortea izan dut. Adin honekin ez duzu horrelako esperientziarik bizitzea espero. Oso polita izan da, are gehiago emaitza honekin!

Niretzat oso garrantzitsua izan da haurdunaldiaren ostean berriz ere aktibo sentitzeko, indarrak berreskuratzeko eta korrika egiteaz disfrutatzeko. Endorfinek ematen duten ongizateaz berriz gozatzea izugarria izan da!

Etxekoen babesa jasoko zenuen.

Etxekoak une oro daude ni animatzen. Txikitatik bizi izan dut kirola. Nitaz harro daudela esaten didate. Bizi esperientzia hau familiarekin bizi izana motibagarriagoa izan da. Seme nagusiak bere pelikulak egiten ditu buruan; ama superheroi bat balitz bezala (barreak). Gogoko dut berak horrela bizitzea esperientzia hau. Senarra ere Manchesterrera etortzeko gogoekin geratu zen, baina zuzenean jarraitu ahal izan zuen lasterketa.

Aurrera jarraitzeko gogoz?

Bi asteko atseden denbora agortuta hurrengo denboraldia prestatzen hasi naiz buru-belarri. Datorren denboraldian aurtengo marka hobetzea gustatuko litzaidake.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide