SOLANGE SALOME RIFFO

"Nire ahizpak okerrago eraman zuen prozesua eta arrazismoak bete-betean jo zion; talka kulturala handia izan zen"

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 24a, 11:00
Okondon bizi da orain Solange Salome Rico. / Aiaraldea.eus

SOLANGE SALOME RIFFO (Txile, 1987) Santiago de Chiletik Euskal Herrira etorri zen familiarekin. Iza okindegian egiten du lan orain, eta bizitako esperientziaren inguruan mintzatu da.

Non jaio zinen zu?

Santiago de Chile hiriburuan. 16 urte nituenean nire aita Txiletik joan behar izan zen eta Espainiako estatura etorri zen, egoera ekonomikoa ez baitzen ona. Izeko eta osaba genituen hemen eta eurek lortu zioten kontratua aitari eta bi urteren ostean, Europan batu ginen. 18 urte nituen orduan, hortaz, bizitza erdia egin dut hemendik. 

Santiago de Chile erraldoia da, nora joan zinen bizitzera?

Kantabriako herri txiki batera, behiek inguratuta. Aldaketa nabarmena izan zen. Txilen hegoaldera jo behar genuen behiak ikusteko eta bat-batean alboan nituen. Aldaketa onerako izan zen, hiriko zarata eta jendetza utzi genituen atzean eta leku lasai batera joan ginen.

Ez zenuen ezer faltan sumatu?

Zintzoki, familia da gehien dudana faltan. Egia da janaria eta jendearen falta ere sumatzen dudala, baina nik uste dut zure tokia dagoela zure familia dagoen lekuan. Sortzen joaten zara: Santiago de Chiletik Kantabriara eta handik Euskadira. Familia handitzen joan naiz eta oso ona izan da esperientzia. Asko hazi naiz.

Zuk talka kulturala egoera gehiagotan nabaritu zenuen?

Bai, oso kultura ezberdinak dira. Han, adibidez, gazteak oso berandu hasten dira ateratzen gauez, aitaren figura indartsuagoa da... Esaterako, bikoteak ipurditik helduta ikustea oso bitxia egiten zitzaidan hasieran edo “zu” hitza erabiltzea jende nagusiarekin. Edonola ere, trantsizio erosoa izan zen.

Lagunak botatzen nituen faltan, gehienbat, baina ondo onartu ninduten. Nire ahizpak, ordea, okerrago eraman zuen prozesua eta arrazismoak bete-betean jo zion. Talka kulturala handia izan zen.

Noiz utzi zenuen Kantabria?

2017ko amaieran. Nire senarra ezagutu nuen 2011n eta urte batzuk igaro genituen Kantabrian. Nik lan egiten nuen hotel batean eta berak beste toki batean. Baloratu genuen nork zuen lanpostu hobea eta hona etorri ginen. Limpiasen bizi ginen eta nire lantokia 45 minutura zegoen, aldiz, berea ordubetera. Sakrifizio handia zen eta erabaki genuen, hasieran, Barakaldora joatea.

Hasi nintzen lana bilatzen, baina ez nuen topatu ez nekielako euskaraz. Gero lana aurkitu nuen El Corte Inglésen eta hiruzpalau urteren ondoren, langabezian geratu nintzen. Gero, COVID-19 heldu zen eta, etxean ogia egiten nuenez, bururatu zitzaidan okin ikastaroa egitea.
Aida ezagutu nuen eta Izan lan egiteari ekin nion. Okondora etorri ginen bizitzera.

Zer moduz Aiaraldean?

Aitortu behar dut Okondon ez dudala jende asko ezagutzen, Laudion ezagutzen dut gehiago eta harrera oso ona izan da. Ez dut arazorik, kontrakoa, gogoko dut hitz egitea eta jendea atsegina izan da. 

Bizitza erdia kanpoan egon ostean, zerbait duzu faltan?

Senideak, tradizio batzuk, janaria... Gehienbat familia, atzean utzi baikenituen aitona-amonak, izeko eta osabak, lehengusu eta lehengusinak... Bestalde, nire arbasoak ez dira %100ean txiletarrak. Nire aitaren familia italiarra da eta amarena espainiarra. 

Txikia nintzenez, ez dut horrenbeste oroitzapen Txileri buruz, gehienak orain sortzen ari dira. Oroitzapen onak sortzen ari naiz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide