Laudioko jai kuadrillek aurrea hartuko diote abuztuko festa-giroari ekaina amaieran ospatuko dituzten sanpedropeko festetan. Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean Laudioko Herriko Plaza bilakatuko da festaren epizentro.
Ostiralean -ekainak 30-, musika eskaintza zabala prestatu dute Suziri Jai Batzordeko kideek. 18:30etik hasita Malen Atxa, Xabi Basterra eta Egoitz Uriarte eta Lyrikan igoko dira oholtzara. Malen Atxak EPa plazaratu berri du, eta abesti berriak entzuteko aukera izango dute Herriko Plazara bertaratzen diren herritarrek. Bestalde, Egoitz Uriartek eta Xabi Basterrak proiektu amankomuna ontzen jarraitzen dute; Mexikotik egin zuten bira duela hilabete batzuk eta geroztik ez diote kontzertuak eskainzteari utzi. Azkenik, Lyrikanek, rap, reggae eta trap abeslariak, dHastBetas, D'Rocha eta Gustaavinhoo artisten konpainia izango du ostiraleko hitzordu musikala ixteko.
Uztailak 1, egun handia
Kontzertu maratoiaren ostean indarrak gorde beharko dituzte Laudioko jai kuadrillek; izan ere, biharamunerako prestatu dute sanpedropekoetako egitarau nagusia. 9:00etatik aurrera lapikoak sutan jarriko dituzte, sukalki eta patata tortilla txapelketaren edizio berri batean. 14:15etan sukalki lehiaketaren irabazleen sari banaketa izango da eta, jarraian, herri bazkaria egingo dute elizako arkupeetan.
Bazkalostea bingo musikatuarekin girotuko dute kuadrillek. 18:30ean Kalejira batek Herriko Plaza atzean utzi eta Laudioko kaleetatik hedatuko du festa. Kontzertuak 20:30ean hasiko dira Elaian taldearen eta Gora Erromeriaren eskutik. Festa gogoa luzatzeko ardura, ordea, Azkenak Itxi Dezala musika jartzaileek izango dute.