Kultur sorkuntza Aiaraldean

'Una quimera de vida' liburua aurkeztuko du asteburuan Iñigo Martinezek

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 20a, 18:30

Liburu aurkezpen baten ondoren hartutako argazkia./ I. M.

Laudioarrak bere bizipenak baliatu ditu islatzeko aniztasun funtzionala duen gazte baten bizitza. Ostiralean Kulturlab egitasmoaren egoitzan aurkeztuko du eleberria eta larunbatean, aldiz, Orbeko Etxean.

Una quimera de vida liburua argitaratu berri du Iñigo Martinez laudioarrak. Eleberriak egilearen bizipenetan dauka oinarria eta Brunoren istorioa kontatzen du. Gazte horri osteogenesis inperfektua diagnostikatzen diote -kristalezko hezurren gaixotasuna- eta, ondorioz, bere existentzia guztiz aldatuko da.

"Brunok gorputz berezia du eta horrek baldintzatzen ditu bere harremanak eskolarekin, amarekin, arrebarekin, lagunekin... Patologia horrekin bizi den pertsona baten errealitatea ikusgai egin nahi izan dut", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.

Aniztasun funtzionala duen pertsona baten bizipenak islatzeko baaliatu du Iñigo Martinezek 'Una quimera de vida' eleberria

Hori irudikatzeko, Iñigo Martinezek bere bizitzan izandako esperientzia erabakigarriak azaleratu ditu, flashback moduan.

Itxialdian idatzita

Laudioarrak aitortu du ez duela bere burua idazletzat jotzen eta liburua ez dela aldez aurretik pentsatutako proiektu baten emaitza. "Itxialdiaren ondorioa izan zen. Ezin nuen ezer egin eta ekin nion arratsaldeak hartzeari eta idazteari. Egia da aurretik poemak edo testuak idatzi ditudala sare sozialetan, baina liburu bat idazteko hitzak topatu behar izan nituen. Bizipen-testua da, nahiz eta autobiografiatik ihes egin dudan. Hau da, fikzioa da, baina aldi berean nire bizitzaren lekukotza".

Eleberriari berari dagokionez, Iñigok aipatu du pozik dagoela egindakoarekin.

Aurkezpenak

Una quimera de vida autoekoizpena da. "Nire osasun egoeragatik nahiago nuen argitaratzeko prozesua gehiegi ez luzatzea, eta aukera eta bitartekoak izan ditudanez nire kabuz dena egiteko, aurrera egin dut. Oztopo handiena da banaketa. Nik egin beharko dut eta horretarako ahalik eta aurkezpen gehien egingo dut urte bukaerara arte, zuzenean nik saltzeko".

Asteburuan bi lekutan aurkeztuko du liburua egileak Laudion bertan

Interesdunek asteburu honetan bi aukera izango dituzte Iñigo Martinez entzuteko. Alde batetik, ostiralean Kulturlabeko egoitzan egongo da 19:30ean. Bestetik, Orbeko Etxean larunbateko 12:30ean ere mintzatuko da testuari buruz.

Batean edo bestean parte hartzeko aukera ez dutenek, Zuhaitza liburudendan topatu ahalko dute eleberria salgai larunbatetik aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide