Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Laudioko kontzertuaren ostean nire abesti propioak egiten hasiko naiz"

Txabi Alvarado Bañares 2023ko eka. 23a, 18:03

Gaur eskainiko du bere lehen kontzertua Jimenak. / Aiaraldea.eus

JIMENAk (Laudio, 2007) bere estreinaldiko kontzertua eskainiko du gaur -ekainak 23- Laudion, 20:00etan Aldai plazan. Emanaldi horri eta esku artean dituen beste proiektuei buruz mintzatu gara berarekin.

Zure estreinako kontzertua eskainiko duzu gaur. Aurretik ez duzu beste emanaldirik egin?

Araba Euskaraz jaian abestu nuen. Laudio Ikastolak Urrezko Makila jaso zuen eta omenaldi horretan kantatu genuen, baina ez dut beste emanaldirik egin. 2021ean izan zen hori.

Zer egiten aritu zara ordutik hona? Nola iritsi zara kontzertu bat emateko erabakia hartzera?

Nik txikitatik daramat Landaluze musika eskolan ikasten eta prozesu bat eginda daukat musikan, gitarra jotzen. Duela bi urte saxofoiarekin hasi nintzen eta, horrez gain, oso txikitatik (bost urte nituenetik edo) nabil ArteOn abesbatzan. Bertan garatu dut nire abesteko zaletasuna.

Modu horretan iritsi naiz gaur egungo egoerara. Udaletxeak jotzea proposatu dit eta aukera aprobetxatu dut.

Zer nolako emanaldia izango da gaur Laudion eskainiko duzuna?

Kontzertuak apur bat hotz harrapatu gaitu. Gauzak hala, kanta batzuen bertsioak joko ditugu, euskaraz, gazteleraz zein ingelesez. Kontzertu laburra izango da, jarraian beste ikuskizun bat egongo delako. 40-45 minutuko emanaldia izango da, hainbat bertsio gure modura joko ditugu gitarrarekin. Ondoren, aurrerago, nire abestiak konposatzen hasiko naiz, nire bidea jarraituz.

Xabi Basterra musikari laudioarra izango duzu bidelagun oholtza gainean. Nola garatu duzu harremana berarekin?

Abesbatzan abesten du gurekin, bertan ezagutu genuen elkar, nire amaren laguna zelako. Harreman ona egin dugu.

Zer abesti joko dituzue?

Euskaraz hainbat abesti ezagun plazaratuko ditugu, herrian jada ezagunak direnak. Ondoren, nazioarteko artisten kantak joko ditugu. Vanesa Martinen pieza bat hartu dugu, Zea Maysen beste bat… eta ingelesez nazioarteko artista batzuen kantak hartu ditugu.

Gitarraz gain, saxofoia ere joko duzu kontzertuan?

Honetan ez, saxoa jotzen duela gutxi hasi naizelako, baina hurrengo kontzerturen batean aterako dugu.

Aurrerantzean ere Xabirekin jotzen jarraitzeko asmoa duzu?

Kasuaren arabera. Oso harreman ona egin dugu, musika zein harreman pertsonal aldetik.

Horregatik, uste dut kolaborazioak egiten jarraituko dugula, ondo uztartzen garelako instrumentuekin eta ahotsekin, oso uztartze polita sortzen da, nire ustez. Bakarlari moduan hasi nuen nire ibilbidea. Orain Xabirekin arituko naiz, nire lehengo kontzertua delako eta ziurtasuna ematen didalako.

Xabik badu esperientzia eta badaki horrelako kontuetan nola moldatu. Baina aurrerantzean agian bakarlari moduan egingo ditut gauzak.

Abesti propioak idazteari ekin diozu jadanik?

Duela hilabete batzuk ekin nion letra idazteari eta gitarrarekin konposatzeari. Oraindik ez dut piezarik egin, baina horretan nabil.

Datozen hilabeteetarako, beraz, zein da zure plana?

Musikaren bidean jarraitzea gustatuko litzaidake, gozatzen dudalako eta txikitatik gustatu izan zaidalako musikaren munduaren barruan egotea. Konposatzea oso zaila da, gauzak landu behar dira eta denbora bat eskatzen du, baina bide hori jarraitzeko asmoa daukat. Kontzertuak emateko aukerak sortzen badira, kontzertuak emango nituzke.

Aipatu duzunez, baduzu formazio nahiko musikaren esparruan. Horrek erraztasun bat emango dizu.

Bai, nabaritzen da. Beste instrumentu bat ikasten hasten zarenean, adibidez, formazioak erraztasuna ematen dizu partiturak irakurtzerako orduan.

Ulermenean ere erraztasuna ematen du, eta musika entzutean ere askoz gauza gehiago sumatzen dituzu lehenengo inpresioan entzuten duen pertsona batek baino.

Musika akademian musika klasikoa izan duzu ikasgai, baina zeintzuk dira, horretaz gain, zure inspirazio iturri edo erre-
ferenteak?

Baditut zenbait erreferente, nazioarteko musikan dauden zenbait artista handi. Pop-a eta baladak ditut gustuko. Euskal musika ere entzuten dut, gustu nahasketa daukat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide