Arabako atletismo txapelketa egin zuten iragan larunbatean eta igandean Gasteizen. Bertan, Laudio Atletismo Klubeko korrikalariek emaitza bikainak eskuratu zituzten. Aipatzekoa da June Rivas gazteak urrezko domina eskuratu zuela bai larunbateko 1.500 metroetako lasterketan zein igandean izan zen 800 metroetakoan.
Azken proba horretan, gainera, podiumeko hiru korrikalariak laudioarrak izan ziren: Leire Zaballa bigarrena izan zen eta Arrate Talledo hirugarrena. 1.000 metroetan Maider Escobar lehena izan zen eta 4x400 metroetako erreleboetan Ane Lopezek, Leire Zaballak, Aia Fernandezek eta Arrate Talledok osatutako laukotea izan zen txapelketako arinena.
Aitzol Gardezabal ere bi probatan gailendu zen: 800 metroetan eta 400 metroetan. Horrez gain, Koldo Ayestak eta Gaizka Juradok ere eskuratu zituzten urrezko dominak: Ayestak 3.000 metroetan eta Juradok 600 metroetan.
Gainera, Naia Laso bigarrena izan zen 1.500 metroko proban (June Rivasen atzetik), jauzi hirukoitzean Ixone Gostinek zilarrezko domina eskuratu zuen, Arrate Talledo hirugarrena izan zen 400 metroetan (baita 800 metroetan ere, aurretik aipatu bezala) eta Jone Renteriak zilarrezko domina eraman zuen etxera 600 metroak osatu ostean.
Gizonezkoetan, aipatzekoa da Josu Apraiz bigarren geratu zela Ayestaren atzetik 3.000 metroetan, Egoi Laso bigarren 800 metroetan eta eta Asier Fernandez bigarren sailkatu zela 400 metroetako lasterketan.
Cadizen ere emaitza onak eta errekor berria
Asteburuan ere Espainiako master txapelketa izan da Jerez de la Fronteran, Cadizen. Laudioko hiru korrikalari joan dira bertara, eta denek eskuratu dituzte emaitza hobezinak.
Luis Angel Del Riok “txokolatezko” domina eskuratu du 5.000 metroko lasterketan (laugarren postua) M-65 kategorian. M-55 kategorian 1.500 metroetan Tomas Laso eta Edu Frutos lehiatu ziren. Laso zortzigarren sailkatu zen eta Frutos bederatzigarren, eta biek hobetu zuten aurretik zuten marka. Oso pozik agertu dira lortutako emaitzekin. Gainera, Frutosek 4x400 metroko erreleboetan hartu zuen parte Euskadiko Selekzioko beste hiru korrikalarirekin batera eta txapelketaren errekorra gainditu zuen laukoteak.
Zalantzarik gabe, asteburu bikaina izan da Laudioko atletismoarentzat eta korrikalariak oso pozik daude emaitzekin.