Duela gutxi utzi zenion alkate izateari, zertan ari zara orain?
Erizain moduan ari naiz lanean. Ekainaren 17an 10:00etatik aurrera utzi nion alkatea izateari eta une horretatik aurrera argi eta garbi neukan erizaintzara itzuliko nintzela. Bokaziozko ogibidea da eta oso gogoko dut.
Politikan, une batean hor zaude eta hurrengoan ez. Nik jarraituko dut zinegotzi moduan, baina, egia da, une honetan alkatetik zinegotzi izatera igarotzeko mentalki apurtzeko beharra nuen eta bizitza normalera bueltatu behar nuen.
17an utzi nuen alkatetza eta 19an hasi nintzen lanean. Basaurin nabil anbulatorioan eta oso pozik gainera.
Zure bizitzan aldaketa oso handia izan da?
Ez duzu nabaritzen zer nolako presioa daukazun, presioa galtzen duzun arte. Ohitzen ari naiz oraindik. Begiratzen dut telefonoa eta ez daukat ia deirik, ez mezu elektronikorik. Egun arrunt batean 50 eta 70 telefono dei artean jasotzen nituen eta 100 edo 200 mezu.
"Alkate izateari utzi nionean, argi nuen apurketa behar nuela mentalki bizitza normalera itzultzeko"
Orain hori ez da horrela eta asko aldatu da nire bizitza. Oso lasai bizi naiz une honetan. Lanean hasi izana oso ondo hartu dut. Bizitza ezberdina da, jakina. Lehen herrian zerbait txarto zegoela ikusten nuenean, telefonoa hartzen nuen konpontzen saiatzeko, baina orain ez da nire lana.
Txantxetan esaten diot jendeari badirudiela hazi naizela, izugarrizko pisua kendu dudalako sorbaldetatik.
Zer balorazio egiten duzue hauteskundeetako emaitzen inguruan?
EAJren hauteskundeen emaitzen barruan sar ditzakegu. EH Bilduk gorakada izan du Euskal Herrian eta gure kasuan abstentzioak behera eraman gaitu. Datuak kontuan izanda, 29 bozkagatik galdu ditugu hauteskundeak, baina, bi puntu galduta, aurreko hauteskundeekin alderatuta.
Emaitzak, izatez, ez dira horren txarrak izan. 3.000 bozarekin mende honetan kopuru horretara heldu izan dena alkate izan da. XXI. mendean esan nahi dut,; izan ere, 1999tik 17 zinegotzi ditu Laudiok eta horren aurretik 21 zituen.
Kasu honetan, EAJk eta EH Bilduk izan ditugu 3.000 bozatik gora, baina garaile bakarra egon ahal da. Hausnarketa sakona egin behar dugu; baina, gutxi gorabehera beste herrietan eta Euskal Herrian gertatutakoa errepikatu da Laudion.
Izan ere, hiltegia kenduta, ez duzue aparteko polemikarik izan legealdi honetan.
Beste batzuk ere izan ditugu. Hainbat kontu izan dira. Geure kudeaketagatik ere bozkak galdu ditugu. Hala ere, aintzat hartu behar dugu %10 gutxiagok bozkatu duela. 900 pertsona gutxiago 2019arekin alderatuta eta horrek eragina izan du gure alderdian.
"Laudioko Udala kudeatzen duen alderdiak beti jasotzen du zigor botoa, automatikoa da"
2019an ere EH Bilduren kontrako zigor bozkak jaso genituen, koalizioaren kudeaketaren ondorioz. Hori esaten dut eurak zeudelako gobernuan. Laudion Udala kudeatzen duenak beti jasotzen du zigor bozka, automatikoki. Alde batetik bestera doa, historikoki gertatu da. Ziurrenik bozkak ere irabazi ditugu, hori ere jazotzen delako, baina EH Bilduk 29 boza gehiago izan ditu eta horrela irabazi du.
Oso estua izan da lehia eta zuek ere aukera izan duzue azken unera arte gobernuan egoteko berriro. Nola bizi izan duzue hori?
Oso modu bizian. Oso negoziazio luzea izan da Omniarekin, hamalau edo hamasei egunekoa. Ander Larrinagak hartu zuen bere gain eta izugarrizko lana izan zuen agiria adosteko.
"Omniarekin negoziazioa luzea izan da eta izugarrizko lana hartu zuen Ander Larrinagak agiria adosteko"
Errespetuz bizi izan dugu eta negoziazioan sartu ginen alkatetza lortzeko. Ez dugu lortu eta errespetuz hartzen dugu emaitza. Ez da erraza izan inorentzat. Ez EH Bildurentzat, ez guretzat, eta ikusiko dugu zer gertatzen den legealdian.
Zuek lau urtez PSE-EErekin osatu duzue udal gobernu taldea. Akordio hori egonkorra eta orokorragoa da, nola aurreikusten duzue EH Bildu eta Omniaren artekoa?
Akordioa lortzeko izugarrizko ahalegina egin behar da. Gure kasuan, alderdi sozialistarekin gure gorabeherak izan baditugu ere, %99an oso ondo joan da eta oso erraz iritsi gara adostasunetara, ikuspuntuak ezberdinak izan arren. Oso erraza izan da prozesua eta oso goiz da esateko zein etorkizun izango dugun, baina nik uste dut zailagoa izango dela.
EH Bilduk eskarmentua dauka administrazioan, batez ere Laudion, eta duela lau urtera arte gobernatu zuten, baina Omniak ez dauka esperientziarik kudeaketan. Hauteskundeetan adierazi dute esperientzia gehien zuen taldea zirela, baina esperientzia hori oposizioan da.
Oso ezberdina da gobernuan edo oposizioan egotea. Orain ikusiko dugu zein gaitasun izango duten lana aurrera ateratzeko, batzuek zein besteek.
Lau urtez izan zinen zinegotzi eta lau urtez alkate. Orain berriro izango zara zinegotzi, asko aldatu da zure ikuspegia?
Ikuspegia oso bestelakoa da. Oposizioaren lana da gobernuaren kontrola eta fiskalizazioa egitea. Gobernuan egon izanak errazten ditu gauzak eta gogoratu behar dugu gure sei zinegotzietatik, bost gobernu taldean egon direla.
Azken unean Joseba Amondok uko egin behar izan zion aktari, bateraezina delako oposizioko zinegotzia eta udal langile izatea.
Badakigu nola kudeatu behar den gobernua eta horrek ematen digu ikuspuntu ezberdina, esperientzia izan dugulako azken lau urteetan. Batez ere, aintzat hartzen badugu badaudela hamar zinegotzi zeinek ez duten eskarmentu hori izan.
Oso oposizio serioa egin beharko dugu, gure esperientzia kontuan hartuta.
Orain politika alde batera utzita, zertan ematen duzu denbora?
Oso denbora gutxi igaro da. Pasa den asteko asteburuan hainbat ekitaldi egon ziren eta parte hartu genuen. Pasa den aste osoa Basauriko Osakidetzako anbulatorioan egon nintzen goizero eta arratsaldez apunteak begiratu nituen. Espezialitate anitzetan nabil lanean eta gogoratu behar ditut. Horrek denbora eskatzen dit.
Hala ere, nire kantu klaseak alde batera utzi nituen hauteskundeen ondorioz eta berriro ekin diot ikasteari, hainbat proiektu ditugulako mahai gainean eta horiei aurre egin beharko diegu.