Bi domina eskuratu zituen Itxaso Escondrillasek Espainiako Atletismoko Master Txapelketan

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 28a, 16:59

Itxaso Escondrillas azken metroetako lehian. / I. E.

Kirolari laudioarrak zilarrezko domina eskuratu zuen 1.500 metroko proban eta brontzezkoa, aldiz, 800 metroko lasterketan.

Asteburuan Jerez de la Frontera hirian (Cadiz) izan da Espainiako Atletismoko Master Txapelketa eta han lehiatu zen Itxaso Escondrillas oso emaitza onak erdietsita.

Laudioarrak bi lasterketatan parte hartu zuen eta bietan eskuratu zuen domina. 1.500 metroko proban bigarren sailkatu zen eta 800 metrokoan hirugarren.

Escondrillasek Aiaraldea Komunikabideari aipatu dio erronka zaila izan dela: "Alde batetik, 40 graduko tenperaturak izan ditugu asteburu osoan. Bestetik, lasterketa baten eta bestearen artean hamahiru ordu baino ez ziren igaro eta hain tarte txikian osatzea oso zaila da".

Horrela, laudioarra oso pozik amaitu du hitzordua: "Ez nuen pentsatuta bietan aritzea, bakarrik 1.500 metrokoan, baina, nire entrenatzaileak proposatu zidan bietan egitea, behin lehenengo domina lortuta. Niretzat erronka polita izan da, inoiz ez baitut bi lasterketa hain bizkor jarraian egin eta nire buruari erakutsi diot gai naizela".

1.500 metro

Larunbateko 1.500 metroko proba 21:30ean izan zen, baina beroa handia zen une horretan ere. Escondrillasek bazekien lehen postuan heltzea ezinezkoa izango zela berarentzat, Madrilgo aurkari batek askoz marka hobea baitzuen. Hala ere, lehia handiarekin bigarren zeharkatu zuen helmuga.

800 metro

Hamahiru ordu eskaseko atsedenaldia izan ostean, igande goizean 800 metroko probaren irteera lerroan kokatu zen laudioarra. Buruan hainbat ideia zituen. Hasteko, lasterkari batzuentzat lehenengo lasterketa zela eta freskoago egongo zirela. Horrez gain, bazekien lehen eta bigarren postuak oso zailak izango zirela: "Bigarren sailkatu zenak 400 metroko proba egin zuen larunbatean eta gainera 24 ordu izan zituen atseden hartzeko. Asko nabaritzen da hori".

Gauzak horrela, laudioarra hirugarren postuan jarri zen lasterketa hasi bezain pronto eta bere atzean beste lasterkari bat egon zen proba osoan.

Hor egon zen lehia. Itxaso Escondrillasek bazekien hirugarren izateko erritmo handia jarraitu behar zuela, emaitza ez zedin azken metroetan erabaki. Izan ere, bere asmoa zen laugarrena bera baino gehiago nekatzea. Azken 400 metrotan lehian egon ziren bi atletak eta azken 100 metrotan borroka bizia egon zen.

Azkenean, laudioarra hirugarren izan zen, baina segundo-ehunen bakarreko aldearekin. Berez, lasterketa amaitzean ez zekiten nor gailendu zen. "Hala ere, nirekin lehiatu zen emakumeari begiratu, barre egin genuen eta besarkatu ginen. Oso une berezia izan zen. Dena ez da domina. Jendeak esan zigun oso polita izan zela lehena nor geratu zen jakin gabe biok elkar besarkatu izana".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide