Gazte Olinpiadak egingo dituzte Laudion datorren astetik aurrera. Uztailaren 3tik 15era luzatuko da ekimena, bi asteburutan.
Kirol proba bat egin beharko dute parte hartzaileek egun bakoitzean. Hilaren 3an 3x3 saskibaloi txapelketak jokatuko dira; eta hurrengo egunean Volleyball norgehiagokak. 14an, aldiz, orientazio proba egingo dute, eta 15ean erronka bikoitza izango dute parte hartzaileek: herri kirolak egingo dituzte goizean, eta frontenis txapelketa, aldiz, arratsaldean. Tartean, baina, bazkaltzeko parada izango dute.
Izen ematea, irekita
Antolatzaileek nabarmendu dute izen ematea irekita dagoela oraindik. Parte hartzeko nahikoa izango da olinpiaden antolakuntzan dagoen eragileetako batekin (Suziri Jai Batzordea, GKS edo Laudioko Gazte Asanblada) harremanetan jartzearekin, sare sozialen bidez. Taldearen eta partaideen izenak bidali beharko dituzte interesdunek, harremanetan jartzeko telefono zenbaki batekin batera.
Taldeek 3 kide izan beharko dituzte gutxienez eta 8 gehienez, eta nahitaez izan beharko dira mixtoak.
Izen ematea irekita dago oraindik. 3 eta 8 kide arteko talde mistoak osatu behar dira horretarako
“Antolakuntzaren kultura” hedatzea helburu
Arestian aipatu bezala, hiru eragile daude olinpiaden antolakuntzaren atzean. Esparru ezberdinetan jarduten duten kolektiboak dira, baina “nahiko modu naturalean” garatu dute euren arteko harremana. “Gazte Asanbladak eta jai batzordeak, adibidez, elkarrekin antolatu genuen Gazte Eguna ikasturte hasieran”, oroitu dute.
“Herria berpiztea” izan zen egun horren helburua, eta olinpiadekin ere antzeko xedea dute gazteek. “Olinpiadak egitea erabaki genuen ikusten genuelako herria nahiko hilda dagoela eta azken urteetako elkarte-ehun guztia galdu dela”, azaldu diote antolakuntza taldeko kideek Aiaraldea Komunikabideari. Euren ustez, “geroz eta kolektibo gutxiago” daude herrian, eta “geroz eta jende gutxiago” dago eragile horietan. “Pasotismoa dago, jendea lokaletan dago sartuta eta ez du herriko herriko ekintza ezberdinetan konpromisoa hartzen”, salatu dute.
Horren aurrean, “antolakuntzaren kultura” sustatu nahi dute olinpiadekin, “jendea motibatzeko, aktibatzeko eta harremanak sortzeko”.
Aurrera begira, antolatzaileek ez dute baztertzen mota honetako ekimen gehiago egiten jarraitzea, baina oraindik ez dute argi, “olinpiadek duten harreraren arabera” baloratuko baitute zer eta nola egin hemendik aurrera.