"Talde orekatu eta kolektiboa" aurkeztu dute EH Bilduk eta Omniak, udal gobernu berriaren antolaketan

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 30a, 11:37

Ainize Gastakak eta Alvaro Barriosek eman dituzte udal gobernu berriaren antolaketaren xehetasunak. / Aiaraldea.eus

Laudioko udal gobernu osatu berriaren nondik norakoak azaldu dituzte EH Bilduk eta Omniak. Udal sail berri bat aurkeztu dute; Zeharkako politiken saila, gainerako udal-sail guztiak bertan lantzen diren politikekin bustitzeko. Uztailaren 5ean egingo dute antolaketa-udalbatza, Udalaren osaketa faseari itxiera emateko.

Laudioko Udal Gobernu berriak bere lehenengo prentsaurrekoa eskaini du gaur, gobernu berriaren eta udal sailen antolaketaren nondik norakoak aurkezteko. Uztailaren 5ean egingo dute antolaketa udalbatza, ekainaren 17an Ainize Gastakaren alkate izendatzearekin abiatutako faseari behin betiko amaiera emanez.

Gobernu eredu berria

“Gobernu zabala eta plurala izateaz gain, herritarren parte hartzeari berebiziko garrantzia emango dion gobernantza eredua martxan jarriko dugu”, azaldu du Ainize Gastakak. Onartu berri den parte-hartze araudia hartuko dute gobernantza eredu horren oinarri, “araudia bere osotasunean martxan jartzeko asmoz”.

Halaber, herritarren parte hartze organoek hartutako erabakiak lotesleak izango direla nabarmendu dute Ainize Gastakak eta Alvaro Barriosek: "Batzarrak eta kontseiluak indartuko ditugu, herritarrek kalitatezko informazioa jasotzen dutela bermatzeko neurriak hartuko ditugu eta herriarentzako berebiziko garrantzia daukaten gaiek prozesu parte-hartzaile bat izango dutela bermatuko dugu”.

Horrekin guztiarekin, osoko bilkuratik harago, herriko gizarte ehun aktiboan oinarritutako “adimen kolektiboa eraiki” nahi du udal gobernu berriak.

“Talde kolektibo orekatu baten lan egiteko modua” izango da EH Bilduk eta Omniak osatuko duten gobernuarena. “Ez da gobernu zatitu bat egongo, proiektu parekatu bat baizik”, nabarmendu du alkate berriak.

Udal osaketa

Sei arlo handietan bereiziko dute Udalaren antolaketa. Aurreko legealdiko bost sailei seigarren bat gehitu diote, baina sail eta arlo guztien izendapena aldatu dute, “egiteko modu desberdin baten eta dinamismo berri baten isla izan dezaten". "Edukiz bete nahi ditugu", azaldu du Gastakak.

Hauek dira Udaleko sail nagusiak: Udal kudeaketa, Lurralde garapen iraunkorra, Identitatea, Sustapen ekonomikoa, Gizarte kohesioa eta Zeharkako politikak. Hain zuzen, azken arlo hori da udal gobernu berriak ezarri duen berrikuntza nagusiena, eta bere helburua bertan landuko diren politikak Udaleko gainerako arloetan lantzen direla bermatzea da. Politika linguistikoak, gobernantza feminista, parte-hartzea, aniztasuna eta burokraziaren aurkako bulegoa izango dira ardatz nagusiak.

Gobernu taldearen antolaketa

Gobernu taldearen antolaketa eta zinegotzi bakoitzak zuzenduko dituen sailak aurkezteko ere probestu dute gaurko agerraldia.

Udal arloei dagokienez honela banatu dituzte:

  • Barne antolaketa: Ainize Gastaka
  • Zeharkako ardatzak: Nagore Gomara
  • Lurralde garapen iraunkorra: Alvaro Barrios
  • Identitatea: Ainize Gastaka
  • Sustapen ekonomikoa: Jakinda Artaraz
  • Kohesio soziala: Aitor Fernandez de Pinedo

Eskuordetutako zinegotziak eta bakoitzari esleitutako zerbitzu unitateak honela banatu dituzte:

  • Alkatetza; udaltzaingoa; idazkaritza; plangintza estrategikoa; eta hirigintza: Ainize Gastaka
  • Kontratazioa; komunikazioa eta harreman instituzionalak; gazteria; hezkuntza; haurtzaroa eta lankidetza; eta giza eskubideak: Aitor Fernandez de Pinedo
  • Ingurumena eta trantsizio energetikoa; irisgarritasuna eta mugikortasuna; garapen ekonomikoa; teknologia, mantentze informatikoa eta berrikuntza: Alvaro Barrios
  • Lehen sektorea; gizarte-ekintza; osasuna eta zaintzen ardura: Esti Gorostiaga
  • Ogasuna, kontu-hartzailetza; diruzaintza; eta langileen ardura: Iñigo Martinez de Cerrillo
  • Aurrekontu parte-hartzaileak; gardentasuna; sustapen ekonomikoa; merkataritza eta ostalaritza; turismoa; eta kontsumoa: Jakinda Artaraz
  • Hizkuntza politikak; gobernantza feminista; burokraziaren aurkako bulegoa; aniztasuna; parte-hartzea eta auzoak: Nagore Gomara
  • Hiri eta landa eremuen mantentzea; kultura; kirola; eta adinekoak: Nerea Gonzalez
  • Jaiak; ondare materiala eta immateriala ; eta tokiko nortasunaren ardura: Sonia Respaldiza
  • Etxebizitza; memoria historikoa; artxiboa; eta ekonomia soziala: Unai Tejada

Ainize Gastaka, Aitor Fernandez de Pinedo, Nagore Gomara eta Nerea Gonzalez izango dira zinegotzi liberatuak hasi berri den legealdian. Bozeramailetza, aldiz, parte hartzailea izatea nahi dute, "sail guztiei indarra emateko helburuarekin". Ardura berriei "gogotsu eta ilusio handiarekin" heltzen diotela adierazi du udal talde berriak.

Udalaren diagnostikoa

Behin martxa hartuta, fase berri batean murgilduko da udal gobernua; udalaren egoeraren diagnostiko sakon bat egitean eta publiko egitean, hain zuzen. "Hortik aurrera, taldean egingo dugu lan, betiere akordio zabalak eraikiz eta herritarren parte hartzea kontuan harturik", aldarrikatu du Ainize Gastakak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide