Etxean jokatu zuen atzo Victor Urquijok, eta garaipen esanguratsua lortu zuen. Omenaldi jendetsua egin zioten futbolari laudioarrari Laudioko Lamuza Parkeko Kasinoan, eta ehundik gora herritar bildu ziren kirolari beteranoaren bizitzaren eta lorpenen inguruko solasaldira.
Manolo Delgado eta Andoni Goikoetxea egon ziren publikoaren artean, Athletic Cluben izenean, eta talde horretako hiru jokalari ohi ere bertaratu ziren: Txato Núñez, Pablo Otaolea eta Juanjo Campa.
CD Laudiok antolatu zuen ekimena. Izan ere, Urquijok CD Villosan (CD Laudioren aitzindarian) hasi zuen bere ibilbidea futbolaren munduan, Hirugarren Mailan, 1956-1957 denboraldian. Hurrengo urtean Deportivo Alavesera pasa zen, eta 1958. urtean CD Baskoniak fitxatu zuen.
Victor Urquijok 3 denboraldi egin zituen guztira Athletic Clubekin, Lehen Mailan
Hortik egin zuen salto Athletic Clubera, 1959an, eta debut hobezina izan zuen, azken gola sartu baitzuen Valladoliden aurka 4-3 irabazitako partidan. SD Indautxura pasa zen handik bi urtera, eta Athleticera bueltatu zen 1963-1964 denboraldian. Ondoren, Recrativo de Huelva eta SD Indautxun aritu zen militatzen, bere sorterriko taldera (CD Villosa) itzuli baino lehen. Han ere eman zuen zeresana. Kluba Bigarren Mailara igotzeko zorian egon zen, eta Urquijok 24 gol sartu zituen 1967-1968 denboraldiko 30 partiduetan.
Hori guztia eta askoz gehiago azaldu zuen Joxean Urkixok Kasinoan. Historiazale eta irakasle laudioarrak futbol jokalariaren ibilbidea aletu zuen, 1950 eta 1960. hamarkadetako dozenaka argazki eta prentsa-zati proiektatuta.