Abuztuko San Roke jaien aurrerapen bat bizi izan da gaur Laudion. Kuadrilletako kideak goizeko lehen ordutik atera dira kalera, jaietako jantziak soinean, sanpedropekoak ospatzeko prest.
Buruhandi eta gaiteroen kalejirak herriko kaleak girotu ditu, baina Aldai plaza izan da jaiaren epizentroa. Ehundik gora lagun bildu dira bertan ohiko sukalki eta tortilla txapelketan.
Sari banaketaren ostean, kozinatutakoa bazkaldu dute toki berean, eta bingo musikatuarekin hasi dute arratsaldeko txanpa, kalejira abiatu baino lehen.
Kontzertuan egongo dira iluntzean, eta giro handia espero da gauean ere. Izan ere, kontuan hartu behar da, sanpedropekoez gain, Zoroak Inkurtul Taldearen 40. urteurrena ere ospatzen dela gaur.
Kuadrilla beterano horretako dozenaka kide bildu dira Aldai plazan bazkalostean, talde argazkia egiteko, eta programa propioa prestatu dute iluntzerako.