Pertsona bat atxilotu dute Ertzaintzak eta Laudioko Udaltzaingoak gaur goizaldean, Laudioko etxe batean lapurtzea egotzita. Udaltzaingoak 2:40ak aldera jaso abisua. Patruila bat bertaratu da orduan etxebizitzara, eta Ertzaintzari ere eskatu diote bertaratzeko.
Bertara iristean, poliziek ikusi dute etxeko sarraila behartuta zegoela, eta pertsona bat atzeman dute ustez lapurretan ari zen etxeko leihotik irten nahian. “Susmagarriak, polizia ikustean, atzera egin du ihes egiteko asmoan eta etxebizitza barruan sartu da”, azaldu du Ertzaintzak kasua jakinarazteko plazaratutako prentsa oharrean.
Gauzak hala, suhiltzaileei deitu diete poliziek, etxeko atea zabaltzeko. Barrura sartu direnean pertsona bakarra topatu dute, “leihotik irteteko asmotan ikusi duten bera”. Orduan atxilotu dute.
Ertzaintzak adierazi duenez, atxilotuak 40 urte ditu eta 14 aldiz atxilotu dute aurretik, “kasurik gehienetan jabetzaren aurkako delituengatik”. Epailearen esku utzi dute dagoeneko.