Ekainaren lehen egunean zabaldu zuen Areta Trail taldeak herrian finkatzen hasia den mendi lasterketan parte hartzeko izen-ematea. Korrikalariek Buscametas atarian eman behar dute izena, edo egunean bertan apuntatu.
Uztailaren 1a baino lehen egin zutenek 12 euro ordaindu zituzten. Orain ordea, Internet bidez edo egunean bertan izena emango duten korrikalariek 15 euro ordaindu beharko dituzte dortsalaren truke. Web atarian egiten dutenek, ordea, opari bat jasoko dute ordainetan. Nolanahi ere, antolatzaileek jakinarazi dute plazak mugatuak direla.
Ohi legez, antolatzaileek izen-emate bakoitzeko bi euro emango dizkiote elkarte bati. Aurten elkarte onuraduna Areta Guraso elkartea izango da.
Jaietako egitarauaren barne
Lasterketa uztailaren 22ko arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Aretako zubitik, herriko jaietako bigarren egunean, hain zuzen. Lasterkariek 13 kilometroko mendi ibilbidea osatu ostean eta 750 metroko desnibel positiboari aurre egin eta gero, leku berean zeharkatu beharko dute helmuga.
Ibilbidean zehar bi horniketa puntu egongo dira: 5,5. kilometroan eta helmugan. Jaki eta edari likidoak eta solidoak banatuko dituzte bertan.
Ez da asko falta lasterketarako eta plazak mugatuak dira baina oraindik ere izena emateko tartea dago.