Oso pozik dabil Laia Sagarduy Ercilla txirrindulari gaztea denboraldi honetan egindakoarekin, eta arrazoiak baditu. Arabako Txapelduna izan ondoren, Euskadiko Selekzioarekin 5. eta 9. sailkatu da Espainiako Txapelketan, ginkana eta errepide lasterketetan, hain zuzen.
Cartagenan izan da lehiaketa asteburuan eta Sagarduyk beste hiru neskekin osatu du taldea errepideko eta ginkana probetan. Azkenean, eskualdeko kirolaria selekzioko onena izan zen bere kategorian eta esperientzia paregabea izan du.
Hori baino lehen, gazteak lortu zuen Arabako txapelduna izatea. "Horretarako aurtengo Challenge ereduko txapelketako onena izan nintzen, errepideko, mendiko eta ginkana probak eginda", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Hori ez ezik, Euskadiko Txapelketan ere lehiatu zen Urretxun, mendiko diziplinan, eta baita Zumarragan ere, non errepideko eta ginkana probak egin zituzten.
Laudioar Txirrindulari Elkarteko eskola
13 urteko txirrindulariak duela bi urte eman zuen izena Laudioar Txirrindulari Elkarteko eskolan eta garapen bikaina izan du. Edonola ere, Laiak eskuratutako emaitzak baino gehiago azpimarratu du oso ondo pasatzen duela: "Astean birritan entrenatzen dugu eta asteburuetan lasterketa daukagu. 7 eta 14 urte bitarteko gazteak gaude eta adin horretan dagoen neska-mutil oro animatu nahi dut parte har dezan, batez ere, neskak, gutxi gara-eta. Espero dut nik bezala oso ondo pasatzea bizikleta gainean".