Kulturlab03k ekimen berria jarriko du martxan: ‘Estanpazio botanikoak Lamuzako kultur parkearen alde’ izenekoa. Uztailaren 19an emango diote hasiera, estanpazio botanikoko ikastaro batekin. Estanpazio botanikoa edo ecoprinta pigmentuak eta naturaren formak -izan hostoak, sustraiak, loreak edo azalak- ehun zelulosiko mota guztietara transferitzean datza, hau da, kotoira, lihora, kalamura, eta abar.
Ikastaroan hutsetik hasiko dira, beraz, parte-hartzaileek ez dute aurretiazko ezagutzarik izan beharko. Lehendabizi zuntzak prestatzen ikasiko dute, gero estanpazio definituak lortzeko prozesuak ezagutuko dituzte eta, azkenengo pausua inprimatzea izango da.
Lamuza parkeko zuhaitzen hostoak erabiliko dituzte estanpazio botanikoak egiteko. Ikastaroaren lehen ordu erdia erabiliko dute horiek bildu eta estanpazio mota jakin horren inguruko argibide teknikoak ezagutzeko. Hori dela eta, puntualtasunaren garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.
Emaitzak dohaintzan
Ikastaroan parte hartuko dutenek bi lagin egingo dituzte oihalean eta estanpazio bat poltsa batean. Pieza horiek abuztuaren 23an eta 24an egongo dira ikusgarri eta 25ean, ostiralean, salgai jarriko dituzte. Parte-hartzaileek beren lanak lagako dituzte eta, antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, ekimenaren bidez lortutako dirua Kulturlaben lokalean beharrezkoak diren lanak egiteko erabiliko dute, “Lamuzako Kultur Parkearen aldeko gune bat sendotzeko, parkea bera martxan jarri arte”.
Nolanahi ere, obren egileek hiru piezetako bat gorde ahal izango dute erakusgai jarri ostean eurek erosi ahal izateko.
Izena emateko epea zabalik
Interesdunek Kulturlaben webgunean aurkituko dute izena emateko eskaera-orria. Aipatu bezala, ikastaroa doakoa da, baina plazak mugatuak dira. Hain zuzen ere, hamabi ikaslek baino ezingo dute parte hartu, “emankorra izan dadin”. Izen-emate ordenaren arabera beteko dira plazak, eta eskaera-orriak automatikoki adieraziko du ikastaroa beteta dagoela hamabi parte-hartzaileetara iristean. Hartara, antolatzaileek “konpromisoa” eskatu dute, inork izena eman eta ikastaroan kale egiten badu, plaza hori hutsik geratuko litzatekeelako.
Ikastaroa uztailaren 19an izango da, asteazkenean. Parte-hartzaileak arratsaldeko 16:00etan elkartuko dira Kulturlaben lokalean eta lau ordu eta erdiz arituko dira estanpazio botanikoaren inguruko ikastaroan. Antolatzaileek puntualtasuna eta parte-hartzaileen konpromisoa eskatu dute, plazak hutsik geratu ez daitezen, mugatuak baitira.