ERREPORTAJEA

Andere, 25 urte korrontearen kontra dantzan

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 10a, 12:51

Laudioko aurreskuaren berreskurapenerako eginiko saioetako bat. / Andere Dantza Taldea

Ezohiko bilakaera izan du Andere Dantza Taldeak 25 urteko ibilbidean zehar. Ez dute ia emanaldi publikorik eskaini, ez dute diru-laguntzarik jaso eta doako klase irekiak eman dituzte astero,  helburu bakarrarekin: dantza plaza bat egiten denean ahalik eta jende gehien batzea. 

Andere Dantza Taldea ez zaio, segur aski, jende askorik ezaguna egingo. Esku batekin zenbatu daitezke talde horrek bere 25 urteko ibilbidean zehar egin dituen emanaldi publikoak, baina horrek ez du esan nahi geldirik egon denik. Etenik gabeko jarduna izan du 1997tik hona, ostiralero antolatzen dituen dantza klase irekien bidez.

Oraingo kideek ez dakite zenbat jende igaro den taldetik, ez baitute kontaketa eramaten, baina 110 inguru izango direla kalkulatzen dute, jende nagusi zein gazte. Gaur egun 19 kide daude. Batzuk joan ziren, beste batzuk itzuli dira. Batzuk urteak daramatzate asteroko zitari huts egin gabe. Beste batzuk, aldiz, noizbehinka bertaratzen dira, ahal edo nahi dutenean. Izan ere, klaseak “erabat irekiak eta doakoak” dira. Nahi duen oro bertaratu daiteke, nahi edo ahal duenean.  “Nik hasieratik esan nuen: nahi duena etorri dadila. Inoiz ez dut zerrendarik eraman ez ezer. Jente batek galdetzen zidan zenbat kobratzen nuen, eta nik ‘ezer ez’ erantzuten nien. Batzuk ez dira taldean sartu horregatik, agian pentsatzen zutelako kobratzen ez zenez ez zuela balorerik”. Idoia Urquijo Oruetaren hitzak dira horiek. Bera dago taldearen sorreraren atzean, eta bera arduratzen da ostiralero klaseak dinamizatzeaz. 

1997ko Laudioko jaietan bota zioten harria, Odoloste Egunean: “Manu Crespok, Haziakeko txistularia izandakoak, esan zidan ea animatuko nintzatekeen Laudio Ikastolako guraso talde bati jota irakastera. Nik baietz esan nion, baldin eta Udalak horretarako toki bat lagatzen bazidan”. 

Esan eta egin. Laudioko Kultur Etxean aritu da taldea ordutik hona. Orain, eraikin hori obretan dagoenez, Jubilatuen Kluba zegoen tokian biltzen dira ostiralero, 19:00etatik 20:00etara. Nahi duen oro bertaratu daiteke jota, arin-arina edo plaza-dantzak ikastera. “Ez dugu adin ezta sexu mugarik”, nabarmendu du Urquijok, “edonor etorri daiteke inolako konpromiso gabe”. 

Dantzaren osteko “terapia” 

Hala ere, dantza klaseetaz gain, Andere Dantza Taldekoek bestelako ekimen batzuetan ere parte hartu zuten. Aktiboki lan egin zuten Laudioko antzinako aurreskua berreskuratzeko prozesuan, eta emanaldi batzuetan ere aritu dira oholtza gainean dantzan. 

Baina hori ez da inoiz izan taldearen lehentasuna. Diru-laguntzarik ere, ez dute inoiz jaso, ezta nahi izan ere. “Ez dugu urtean emanaldi kopuru bat egitera derrigortuta egon nahi. Dirurik ematen ez digutenez, ez dugu ezer zor”, azaldu du Urquijok. Berak bazuen aurretik esperientzia dantza talde hadiagoetan eta argi zuen ez zuela Andere horretan bilakatu nahi. “Lan, ardura eta konpromiso handia eskatzen du horrek, eta presio handiaeragiten du dantzariengan”.  Bere hitzetan, bestelako helburua du Andere dantza taldeak: “Plazaren erdian jota bat edo dantza-plaza bat badago jendeak jakitea hori dantzatzen, eta horretaz gozatzea”.  

Horretara bideratuak daude ostiraleko klaseak. Oso mekanika sinplea dute: bertaratu eta dantza egitea. “Jauziak egiten ditugu lehenbizi, berotan sartzeko, eta gero denetarik apur bat”. Jota eta porrua ikasten hasi ziren, baina berehala ekin zioten bestelako dantza-jolasak txertatzeari, bestela “oso etsigarria” suertatu zitekeelako. “Ondo pasatzea da helburua”, Urquijoren hitzetan.  Eta klaseak bezain garrantzitsuak dira klaseen ostean inguruko tabernaren batean izaten dituzten elkarrizketa luzeak ere, dantza taldeko kideek “terapia” moduan ezagutzen dituztenak. Izan ere, dantza talde bat izateaz gain, lagun talde bat ere bilakatu da Andere, 25 urteko bidea egin duen eta 100 kide baino gehiago biltzera iritsi den familia. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide