ERREPORTAJEA

Victor Urquijo Mendiguren, futbol bikaineko bi hamarkada

Joxean Urkixo 2023ko uzt. 9a, 08:00
Victor Urquijo Mendiguren, Athleticen jokatzen zegoenean eginiko argazki batean. / Athletic Cluba

Victor Urquijo Mendiguren futbolari laudioarrari omenaldia egin zioten iragan astean Lamuza Parkeko Kasinoan. CD Villosan abiatu zuen ibilbidea futbolariak eta, besteak beste, Atheltic Cluben aritu zen. Joxean Urkixok, Bizkirreko lehendakariak, Urquijo Mendigurenen kirol-ibilbidearen birpasa egin du.

Victor Laudion jaio zen 1938ko abuztuaren 16an, San Roque zaindariari eskainitako egunean. Haurtzaroa, beste hainbat haurrekin batera, eskola ostean kalean abarketak txikitzen eman zuen, baloi baten atzean korrika eta kolpeka; ez zegoen besterik.

Altzarratera iritsi zenean, Laudioko gerraosteko kirolaren tenplura, baloiarekin modu antolatuan jolastea zein interesgarria izan zitekeen ikusi zuen. Gainera, lagunei geltokiko plazan jolastea gustatzen zitzaienez, oinezkoek arretaz jarraitzen zuten euren bilakaera; batzuk kirol hura ondo ezagutzen zuten eta eskarmentu handia zuten.

Victor serioa, formala eta barnerakoia zen nerabezaroan, eta dotore dominatzen zuen pilota. 1954an Villosa CDko gazteen taldeko kide zen eta tarte gutxian Hirugarren Mailako taldean sartu zen, 1957an Alavesek Gasteizen fitxa profesional bat eskaini zion arte. Gustura onartu zuen, Gasteizerako bidaiak gogaikarriak egiten bazitzaizkion ere.

Hilabete gutxiren buruan, 19 urte besterik ez zituela, Bigarren Mailan tokia izango zuela jabetu zen, eta, ahalegin eta dedikazio handiarekin, futbolean etorkizun profesional ona lor zezakeela pentsatu zuen. Ez zuen soilik berak pentsatzen, 1957 eta 1959. urteen artean Baskonia Kirol Klubean eta SD Indautxun egindako erakustaldiak ikusi zituzten zale eta teknikariek ere berdin uste zuten. Horrek Athletic Clubeko lehen taldeko jokalari bihurtzera eraman zuten, euskal futbolari guztiek beti izan duten ametsa egia bihurtuz.

Athleticera iritsi aurretik, Victorrek 26 partida ofizial jokatu zituen 2. mailan zortzi golekin, eta jokalari handiekin partekatu zuen aldagela, baita Laudioko lagunekin ere: Juan Mari Ibarretxe, Joaquin Anton, Felix Zubiaga eta Luis Mari Otiñano. Hauek ere euskal zaleak liluratzen zituzten; bost izar 7.500 biztanleko herri batean!!

Victorrek figura handiekin partekatu zuen aldagela, eta denak izan ziren bere lagun handiak: Carmelo, Iribar, Garay, Lopez, Orue, Etura, Canito, Beitia, Renteria, Mauri, Marcaida, Uribe eta abar

50eko eta 60ko hamarkadetan, batez ere oporretan, haurrok egunak kalean ematen genituen, eta gure irudimenaren zati handi bat baloi bati eskaintzen genion: barruan harriak zituen poto bat, txapak, kanikak, iturriak, peoiak, uztaia, iltzeak eta sokak; baina laudioarrok, nik haien artean, gehigarri berezi bat izan genuen, zerbait desberdinaz gozatzeko zortea: objektuak ez ziren erreferenteak, nori erreparatu izan genuen. Halakoak ziren gu baino zaharragoak ziren futbolari hauek, mutil xumeak, eta haiekin hitz egin genezakeen zer egiten zuten galdetzeko eta, horrela, kontatzen zigutena egia ote zen egiaztatzeko. Ilusioz eta debozioz gogoratzen dut Victor, bere neska-lagunarekin paseatzen eta denekin hizketan.

Handik gutxira, Victor bi denboraldiz itzuli zen Indautxura, baina abiada hartzeko bakarrik; izan ere, 1963ko udazkenean, Ochoak, orduko Athleticeko entrenatzaileak, berriro deitu zion San Mameseko zaleei ilusioa pizteko, baina, batez ere, eta jakin gabe, gertakari historiko baten protagonista izateko. 1964ko urtarrilaren 12an gertatu zen, Real Madril San Mamesera iritsi zen eta zale guztiek zekiten Athleticek gol bat sartzen bazuen bere historiako 2000.a izango zela. Athleticek partida galdu zuen (2-3), baina, lehen gola Victorrek egin zuen 40. minutuan, eta horrek poz handia eragin zuen harmailetan.

El Correo egunkariak sari bat eman zion Victorri. Bilboren fundatzaile On Diegoren estatuaren erreplika zen eta Luis Bergarechek eman zion, 1929an lehen gola egin zuena. Urte batzuk geroago, Athleticek zenbaketa berri bat egin eta zerrenda zuzendu zuen. Egiletza Jose Antonio Latorreri eman zioten, baina laudioarrentzat 2000. gola Victorrena izango da beti.

CD Villosa eta SD Llodioko kirolaria 1960eko hamarkadan iritsi zen bere ibilbidearen gailurrera, Athletic Clubekin hiru denboraldi igaro zituen Lehen Mailan

Ondoren, bere herritik irteteko aukera iritsi zitzaion, Athleticetik joandako beste bost taldekiderekin batera Huelvara joateko. Victor eta Mari Carmen ezkondu berriak ziren, eta urte ahaztezina igaro zuten Huelvako lurretan, azkenean etxera itzuli, familia osatu eta 1974ra arte Laudioko futbolzaletasunari poz handiak ematen jarraitzeko. 

Victorrek figura handiekin partekatu zuen aldagela, eta denak izan ziren bere lagun handiak: Carmelo, Iribar, Garay, Lopez, Orue, Etura, Canito, Beitia, Renteria, Mauri, Marcaida, Uribe, Artetxe, Arieta I, Maguregui, Etxabe, Aguirre, Zorriketa, Aranguren, Uriarte, Saez, Latorre, Argoitia, Arieta II, eta abar. Denek ohoratu zuten Victor, bere xumetasun, apaltasun eta eskuzabaltasun balioak ezagutu zituztenean. 

CD Villosa, Deportivo Alaves, CD Basconia, SD Indautxu, Athletic Club, Recreativo de Huelva eta SD Llodio taldeen zaleek ez dituzte inoiz ahaztuko klub horiei emandako une loriatsuak.

Omenaldia

Joan den ostiralean, urte askoren ondoren, Laudio KEk omenaldia egin zion Victorri. Ekitaldi xumea eta hunkigarria izan zen eta ehun lagun eta zale baino gehiago bertaratu ziren, ez baitzuten une zoragarri hori galdu nahi. Bertan, Victorren futbol-ibilbidea gogoratu zuten, Lamuza parkeko kasinoaren esparru paregabean proiektatutako irudi benetan hunkigarriekin, horietako batzuk oraindik argitaratu gabeak.

Athletic Clubeko ordezkari ospetsuak ere egon ziren, hala nola Andoni Goikoetxea, Jose Mari Nuñez ‘Txato’, Juan Carlos Vidal, Pablo Otaolea, Manolo Delgado eta Juanjo Campa, eta Villosako taldekide ohiak, Lecue, ‘Zarrita’ eta beste asko.

Jon Uriarte Athletickeko presidenteak bideo-mezu bat bidali zuen Victor gogorarazteko. Gauza bera egin zuen Jose Angel Iribarrek ere, egiazko mito bizidunak, ezin izan baitzen omenaldian egon aldakako ebakuntza egin berri ziotela-eta.

Victorrek oroitzapen ugari jaso zituen, bai Laudio KErenak, bai Athleticeko jokalari ohien elkartearenak. Ekitaldia amaitzeko, solasaldi txiki bat egin zuten, non Victorren giza kalitatea nabarmendu zen, ezagutu genuen pertsona guztiok busti gintuena.

Victorren kirol historiaren hasiera eta amaiera bere lagun Jose Mari Cascallana ‘Casca’-rekin lotuta egon zen. 1945ean, Altzarrate-Laudion elkarrekin egin zuten debuta Villosa gazteen taldean, Victorren golarekin. 1980an, Ellakuri-Laudion, Victorrek bere azken partida jokatu zuen 42 urterekin, Cascaren hilondoko omenaldian. Hura izan zen bere azken gola ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide