Laudioko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza operatiboa zuten indarrean, azkenaldian udalerrian gertatutako lapurreten ondorioz. Izan ere, hainbat zerbitzu publikotako metalezko tapak eta kutxatilak lapurtu dituzte azken boladan: estolderiakoak, zerbitzu elektrikoenak...
Gaur Laudion identifikatu dute gertakari horiekin ustez lotura zuen ibilgailu bat eta jarraitzeari ekin diote, Arrigorriagaraino. Han, susmagarriak saiatu dira hainbat tapa eta kutxatila saltzen eta polizia hurbildu zaienean, 18 eta 19 urteko gazteek ihes egin dute.
Udaltzain bat harrapatuta
Ihesaldian udaltzain bat harrapatu dute autoz, agenteak gelditzeko keinuak egiten zizkien bitartean. Poliziak arreta medikua behar izan du horren ondorioz.
Hori ez da izan guztia: ustezko lapurrak BI-625 errepidean sartu dira eta trafiko istripua eragin dute, kalte pertsonalik gabe. Horren ondoren, arrisku egoera gehiago sortu dituzte, baina poliziek atxilotu dituzte.
Beste pertsona ikertu bat
Bi arrastatuen aurka ez ezik, materialak erosteko asmoa zuen pertsonaren kontrako ekinbideak ere abiatu ditu Ertzaintzak, lapurtutako objektuak erosteagatik.
Guztira, 25 tapa eta kutxatila berreskuratu dituzte poliziek eta Laudioko Udalari itzuli dizkiote euren lekuetan kokatzeko berriro. Ertzaintzak adierazi du horrelako lapurretek istripuak eragin ditzaketela oinezkoen artean.
Epaileen esku
Poliziak jakinarazi du bi gazteei agentearen aurkako atentatua eta material urbanoa lapurtzea leporatuko dietela eta epaitegiaren esku utziko dituztela.
Halaber, agenteek azaldu dute topatu dutela ustezko lapurrek erabiltzen zuten furgoneta bat. Dirudienez, biltegi moduan baliatzen zuten eta ikertzen ari dira barruan agertutako beste objektu batzuek ere legez kanpoko jatorria duten.