Udal gobernuaren eta zinegotzien dietak eta soldatak, lehen polemika Laudioko alderdien artean

Aitor Aspuru Saez 2023ko uzt. 8a, 14:00
EH Bildu eta Omniaren udal gobernu taldeko kideak. / Aiaraldea.eus

Laudioko EAJk oharra plazaratu zuen atzo bere "harridura" adierazteko udal gobernu taldearen soldaten inguruan. EH Bilduk azpimarratu du alkateak eta zinegotzi liberatuek gutxiago kobratuko dutela eta jeltzaleak nahasmena sortzen ari direla.

Laudioko EAJk oharra zabaldu zuen atzo harridura adierazteko EH Bilduk eta Omniak hartutako erabakiarekin udal gobernu taldeen soldatei dagokionez: "EH Bilduko eta Omniako taldea mantentzeak urtero ekarriko duen kostua 350.000 eurotik gorakoa izango da, aurreko legegintzaldian baino ia 20.000 euro gehiago".

Ander Añibarro jeltzaleen bozeramaileak eta aurreko legealdiko alkateak hala adierazi du: "Ez ditugu legealdi honetarako ezarri diren soldatak eta esleipenak kritikatzen edo gaitzesten, baina harritu egiten gaitu kostuaren igoera horrek, gu agintean geundenean jasan behar izan ditugun kritiken ondoren".

Egungo alkateak gutxiago kobratuko du, baina gastua igoko da, jeltzaleen ustez

Edonola ere, jeltzaleek aitortu dute alkateak eta zinegotzi liberatuek aurreko udal gobernu taldekoek baino gutxiago kobratuko dutela. Esaterako, Ainize Gastaka alkateak 54.000 euro irabaziko ditu, aurrekoak baino 12.000 gutxiago. Beste hiru zinegotzi liberatuek 52.752 euro jasoko dituzte, aurrekoek baino 6.103 euro gutxiago.

Hala ere, EAJk azpimarratu du dedikazio osoa ez duten zinegotzietan eman dela gastu igoera: "Liberatuta ez dagoen Gobernu Taldeko zinegotzi batek hilean 1.120 euro kobratuko ditu Osoko Bilkurara joateagatik, aurreko legealdian baino ia %20 gehiago. Gainera, EH Bilduk eta Omniak esleipen ekonomiko berri bat sortu dute, orain arte ez zegoena: Batzordeen Lehendakaritza. Beraz, 370 euro kobratuko dituzte komisio bakoitzeko. Horrek esan nahi du, oro har, gobernu-talde honek %5,1ko gastu igoera izango duela 2023-2027 aldian".

Kontzeptuak nahastea, EH Bilduren aburuz

EH Bilduk, ordea, argudiatu du EAJk udalean arituko diren talde guztien kopuru ekonomikoa udal gobernu taldeari egotzi diola.

"EAJk egiten duen batuketan, udal taldeei ematen zaizkien baliabide ekonomikoak zenbatu egin ditu. Baliabide hauek udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko guztientzat dira. EH Bildu eta Omniaren Udal gobernuak murriztu egin ditu ordainsariak (alkatea gehi udalgobernuaren hiru liberatu gehi oposizioko liberatua) eta 2015etik eguneratu gabe zeuden dietak eta udal taldeentzako baliabide ekonomikoak eguneratu ditu", adierazi du Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak.

Horrela, EH Bilduk bestelako kalkuluak egiten ditu: "Ainize Gastakak 12.000 eurotan murriztuko du Ander Añibarrok jasotzen zuen soldata (%18ko jaitsiera), Udal gobernuaren liberatuen soldatak 6.082 eurotan jaitsi egin dira (%10). Guztira, liberatuon soldatak 35.712, 92 eurotan murriztuko dira legeagintaldi honetan". 

Dietak eguneratzea

Behin soldaten auzia azalduta, dieten afera azaldu du Iñigo Martinez Cerrillok, EH Bilduren ikuspuntutik, eta zalantzan jarri ditu EAJk egindako kalkuluak: "Dietei dagokienez, 2015etik eguneratu gabe zeuden eta asteazkeneko plenoan eguneratu egin genituen. Udal honetan jasotzen diren dietak baldintzatuta daude asistentziara. Beraz, ez da modu finko batean kobratzen den kontzeptua. Aldez aurretik ez dakigu zenbat gastatuko dugun dietetan eta horietako batzuk udal talde politikoek izendatzen dituzten kideen arabera aldatzen dira, zeren eta, adibide bezala, tokiko gobernu batzarrean eta plenorako gaiei buruzko batzordean izendatuta dagoen zinegotzi batek ez ditu bi dieta kobratuko, bakarra baizik. Horretaz aparte, liberatuek ez dituzte dietak kobratzen".

Hori kontuan izanda, EH Bilduk argitu du honako hauek izango direla dieta eguneratuak:

  • Zinegotzi delegatua: 1.120 euro
  • Zinegotzi arrunta: 825 euro
  • Tokiko gobernuan batzarrean edo plenorako gaiei buruzko batzordean parte hartzeagatik: 185 euro
  • Batzorde informatibo baten presidentzia izateagatik: 185 euro

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide