Ekitaldi politikoa egin zuen atzo EH Bilduk Laudioko Alberto Acero plazan, giro informalean, abiatu berri den Espainiako Estatuko hauteskunde kanpaina berrian botoa eskatzeko. Idurre Bideguren senatariak eta Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak hartu zuten hitza ekitaldian, Ainize Gastaka alkatearekin batera.
Koalizio abertzaleak Madrilgo instituzioetan egindako lana goraipatu zuten Bidegurenek eta Ruiz de Pinedok. Izan ere, azpimarratu zuten "azken urteetan aplikatu diren neurri sozial guztiak ez liratekeela existituko EH Bilduren bultzadarik gabe".
Bide horretan aurrera jarraitu nahi dute subiranistek. Horretarako, indar gehiagorekin itzuli nahi dute Madrilgo kongresura eta senatura. "Orain, Kongresuan eta Senatuan gehiago izan behar dugu, Euskal Herriko jendearentzat gehiago eta hobeto lortzeko", aldarrikatu zuen Iñaki Ruiz de Pinedok, berriro ere "egingo zutela" azpimarratuz. Araban, gainera, erronka bat jarri dio EH Bilduk bere buruari: Josu Estarrona senaturako hautagaia Madrilera bidaltzea.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte