ARETAKO TXUPINEROAK

“Aukera hau baliatu nahi dugu Aretako herri guztiari eskerrak emateko”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 17a, 07:00

Urtzi Garai, Haitz Garai, Naroa Ugarte eta Nabar Olabarrieta, Aretako aurtengo txupineroak. / Aiaraldea.eus

Aretako bi urteko gelako gurasoak dira URTZI GARAI, NAROA UGARTE, NABAR OLABARRIETA eta IRATI URKIJO. Aretako Eskolan HAITZ eta INHAR matrikulatzeko borrokak mobilizazio erraldoia piztu zuen Aretan. Jai Batzordeak bi familiei eskaini die aurtengo txupineroak izateko aukera.

Nola jaso zenuten Aretako jaien txupinero izateko gonbitea?

Urtzi: Nik jaso nuen gonbitea, mezu bat bidali zidaten jai batzordeko kideek. Beste familiarekin komentatu genuen eta proposamena onartzea erabaki genuen. Gainera, ni aretarra izanda, askoz hobeto; Aretako herritarrek bota dezatela txupina, eta ez laudioar batzuek iaz bezala (barreak).

Ikasturte korapilatsua izan da honakoa zuentzako. Nola interpretatzen duzue txupinero izateko gonbitea?

Urtzi: Aukera hau baliatu nahi dugu Aretako herri guztiari eskerrak emateko. Oraindik ez dugu guztiz prestatu esango duguna, baina hori izango da mezu nagusia: eskerrak eman eta azaltzea zer nolako kaltea eragin diezaiokeen Areta bezalako herri bati bere eskola ixteak. 

Mobilizazioen ondorioz, zuen bi seme-alaben matrikulak onartu egin dituzte. Nola dago egoera gaur gaurkoz Aretako eskolan?

Naroa: Eskolako zuzendariak deitu gintuen duela gutxi, gure matrikuletaz gain beste bi matrikula ere bazeudela esateko, tramitatuak izateko zain. Aurrekoan baieztatu ziguten baietz, beste bi haur sartu direla bi urteko gelara. Ikasturte honetan, beraz, bi eta hiru urteko gelak batuko dituzte Aretan: bi urteko lau haur, eta hiru urteko bost, bederatzi guztira. 

Hezkunzta Sailetik ezartzen den minimoa irakasle bat jartzeko sei ikasle dira. Datorren urtean aurreikusten dugu ere egoera antzekoa izango dela, hiruzpalau haur daude Aretan bi urteko gelan matrikulatzeko. Hurrengo belaunaldian, aldiz, badaude sei-zazpi haur.

Beraz, gaur gaurkoz, ez dago ezer ziurra, itxaroten jarraitzen dugu Aretako Eskolak bermeak izan ditzan.

Urtzi: Alkate ohiaren mezua jaso genuenean ere aipatu genuen albiste gazi-gozoa zela hura. Izan ere gure, matrikulak onartzetik harago, ez genuen inolako bermerik jaso bi urteko gelaren eta Aretako Eskolaren inguruan. Ez dakigu zer gertatuko den datozen urteetan. Gainera, honezkero ez dago hauteskunderik tartean. Ez dakigu urtero izan beharko dugun borroka hau, nahi eta nahi ez. Bilatu beharko ditugu beste aukera batzuk ez egoteko urtero egoera berdinean.
Eskola itxi nahi badute aurrean egongo gara, baina bitartean beste bide batzuk bilatu beharko ditugu.

“Aretak duen izaera propio hori desagertzeko lehenengo pausua litzateke Aretako Eskola desagertzea. Herri independeinte baten nortasuna, eta Laudioko auzoetatik desberdintzen gaituena desagertuko litzateke”

Aretako Eskolak duen garrantzia azpimarratu nahi duzue txupinazoko mezuan. Zer ematen dio eskoalk Aretari?

Urtzi: Haurrak Aretan bertan errotzen laguntzen du Aretako Eskolak. Ikasleen lagun-taldeak bertan sortzen dira, eta horrek esan nahi du eskolatik ateratzen direnean ere lagunek Aretan elkartzen jarraituko dutela. Aretarekiko lotura horretatik etorriko da herriko dinamika desberdinetan murgiltzea, edota Aretako jaien prestaketan aritzea, esaterako. Adin desberdineko topagune dira Aretako herri-dinamikak ere.

Aretak duen izaera propio hori desagertzeko lehenengo pausua litzateke Aretako Eskola desagertzea. Herri independeinte baten nortasuna, eta Laudioko auzoetatik desberdintzen gaituena desagertuko litzateke.

Uste duzue Aretako herri izaera hori determinantea izan zela Aretako Eskolaren aldeko mobilizazioetan?

Naroa: Aretako norbait ikutzen badute, herri guztia blokean doa. Indar hori ezinbestekoa izan da. Aretak bere osotasunean lortu zuen zerbait izan zen.

Urtzi: Aretako jendeak ulertu zuen ez zela Haitzen eta Inharren arazo bat, baizik eta herri guztiari eragiten zion arazo bat.

Nola oroitzen dituzue mobilizazio horiek?

Naroa: Kaos hutsa izan zen. Oso epe estua genuen erantzuteko. Batzarretan eta bileretan pasatu genituen egunak. Azkenean, herri guztia mobilizatu, eta matrikulak mantentzea lortu genuen.

Nabar: jendearen erantzuna bikaina izan zen. Gu ez gara Aretakoak, duela hiru urte etorri ginen hona bizitzera, eta jaso dugun babesa izugarria izan da! Lehenengo momentutik herritar guztiak izan ditugu atzean, gu laguntzeko prest.

Bi urteko haurren gurasoak zarete zuek. Nola biziko dituzue jaiak?

Naroa: Guk primeran ziur! Primiak bildu ditugu egun horietarako (barreak).
Urtzi: Niretzako Aretako Jaiak munduko jairik onenak. Badakit beste askorentzat ere badirela, nahiz eta aitortu ez. Topera biziko ditugu. Gauetan ez ditugu haurrarekin biziko, baina egunean zehar gurekin izango dugu. Joan dadila ikasten zer diren Aretako Jaiak. Haur hauek dira Aretaren etorkizuna.

Nabar: Guk ere berdin. Orain arte Aretako Jaiak Laudiotik etorrita bizi izan ditugu, baina aurtengoak bereziak izango dira ziur. Gainera, Iratiren ama eta nire ama bertakoak dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide