OUSMANE OUEDRAOGO

“Laudioko auzokide bat gehiago naizela sentitzen dut, babestua nago hemen”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 15a, 07:00

Burkina Fasoko Arbollé eskualdekoa da Ousmane Ouedraogo jatorriz. / Aiaraldea.eus

OUSMANE OUEDRAOGO (Burkina Faso, 1985) duela hamar urte iritsi zen Laudiora. Gobernuz Kanpoko Erakunde batean egiten zuen lan, eta bertan ezagutu zuen oraingo emaztea.

Zerk ekarri zintuen Burkina Fasotik Laudiora?

Pixka bat arraroa da. Ni gobernuz kanpoko erakunde batean ari nintzen lanean. Nire emaztea, Ixone, Arquitectos Sin Fronteras erakundearekin joan zen bertara lanera, nekazaritza-eskola bat eraiki behar zuten Burkina Fason.

Lan egin ahal izateko herrialdeko erakunde baten laguntza behar zuten. Niri egokitu zitzaidan Arquitectos Sin Fronteraseko lantaldearekin aritzea. Horrela ezagutu nuen nire emaztea, eta horrek ekarri nau Burkina Fasotik Euskal Herrira.

Zertaz arduratzen zinen zu lan egiten zenuen gobernuz kanpoko erakundea?

Azpiegiturak eraikitzeaz eta nekazal eremuan laguntzeaz arduratzen ginen nagusiki. Errepide eta bideak eraikitzen genituen, baina, batez ere, ikastetxeak eraikitzen genituen. Izan ere, hezkuntzan gabezia handia dago Burkina Fason.

Nola gogoratzen dituzu zure lehenengo urteak Euskal Herrian?

Aldaketa izugarria da, brutala. Etxebizitzek atentzioa ematen deitzen zidaten, oso altuak dira. Bizitza orokorrean oso deigarria zitzaidan. Ikusten nuen mundu guztiak denetarik zuela. Nire jatorrizko herria Arbolle departamentuan zegoen, eta bertan ez zegoen ezer.

Lehenengo urtean nuen zailtasunik handiena hizkuntza zen. Nik frantsesez egiten nuen bakarrik, eta Ixonerekin komunikatu ahal nintzen soilik. Pixkat bakarrik nengoen zentzu horretan.

Aitortu behar dut nire aita-amaginarrebek asko lagundu nindutela. Burkina Fasotik iritsi nintzenerako HHEn izena emanda nengoen. Gaztelania ikasi nuen bertan. Oso lurreratze erraza izan nuen. Beste batzuek ez dute hainbesteko erraztasunik. Nire emaztearen familian bat gehiago bezala hartu naute lehenengo momentutik.

10 urte igaro dira Burkina Fasotik etorri zinenetik. Aldatu da zure ikuspuntua?

Ohituagoa nago orain hotza jasatera (barreak). Eguneroko bizitzara ere moldatu naiz. Euskara ikasten ari naiz poliki-poliki. Bi seme alaba ditugu, eta orain ulertu egiten dut euskaraz hitz egiten dutenean, baina erantzuteko zailtasunak ditut oraindik. Idatzitako hitzak ere ulertzen ditut, eta telebistan entzuten ditudanak.

Oztopoak ere aurkituko zenituen bidean.

Nik neuk arrazismoa pairatu dut azalean. XXI. mendean gaude, aurrera egin beharra dugu guztiok. Kaletik noanean behin baino gehiagotan ikusi ditut begirada arraroak, emakume batek boltsoa estutzea lapurtuko diodalakoan, haurren batek nik ikutu dudan pilota hartu nahi ez izatea… Ezagutzen ditut egoera latzagoak igaro dituztenak ere. Ezin dugu jendea desberdin tratatu azalaren koloreagatik. Baina, orokorrean, gauza positibo gehiago jaso ditut negatiboak baino. Laudioko auzokide sentitzen naiz, babestua nago hemen. 

Faltan sumatzen duzu Burkina Faso?

2013an bertatik alde egin nuenetik hiruzpalau aldiz egon gara bertan, azken aldia 2019an. Harremana mantentzen dut egunero bertako familiarekin, baina, batez ere gaztetako lagunak ditut faltan. Hemen ere baditut lagunak, baina, betiko horiek ditut faltan. Baita amaren sukaldea ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide