Euripean egin du EAJk gaur arratsaldean Laudioko Alberto Acero plazan programatuta zuen hauteskunde ekitaldia. Almudena Otaolak, Aitor Estebanek eta Andoni Ortuzarrek hitz egin dute bertan, baina hainbat pertsona esanguratsu ere egon dira publiko artean: Ramiro Gonzalez, Gorka Urtaran edota Estefania Beltran de Heredia, besteak beste.
Esteban izan da hitza hartzen lehena. Espainiako Kongresurako hautagaiak autodeterminazio eskubideaz solasten egiten hasi du bere hitzartzea, herritar batek bideo baten bidez egindako galderari erantzunez. Bere hitzetan, “testuingurua eta herritarren borondatea” dira eskubide horren gauzatzean kontuan hartu beharreko faktore nagusiak eta, ildo horretan, “autogobernuan sakontzea” da une honetan dagoen biderik eraginkorrena. “Botoak eta herritarren babesa behar ditugu horretarako, eta egon ziur, inork zirrikiturik topatzen badu, EAJ izango dela”.
VOXi buruz ere mintzatu da hautagai jeltzalea. Alderdi hori “faxismo hutsa” dela ziurtatu du, eta aldarrikatu du EAJ izan zela “aurre egin” zion lehena. “Noski ilegalizatu nahi gaituztela. Niri pertsonalki esan dit Abascalek zentsura mozioa eztabaidatu zenean”. Horri lotuta, Estebanek uste du PPk “marra bat” gurutzatu duela, “ultraeskuina normalizatuz eta integratuz”. Mikel Zabalzaren kasuaren aitortza, sekretu ofizialen legea, LGTB kolektiboaren eskubideak, Melillako hesiko sarraskia, mozal legea deuseztatzeko eginiko proposamena, estatuko estolderietatik abiatutako operazioak… eta beste hainbat gai aipatu ditu Estebanek, eta aldarrikatu du gai horietan guztietan EAJk aurreko legealdiko jarrera bera mantenduko duela aurrerantzean ere.
Almudena Otaola, Aiaraldera begira
Almudena Otaolak hartu du Estebanen lekukoa. Aiaraldea izan du hizpide Senaturako Arabako hautagaiak. Glavista edota Tubos Reunidoseko egoerak aipatu ditu, eta baita herrietako merkatari txikiena ere. Bere ustez, “autogobernua” da eskualdeko egoera ekonomikoa hobetzeko tresnarik eraginkorrena, eta nabarmendu du industria “lehentasuna” dela EAJrentzat. Ildo horretan, “eredu publiko-pribatua” sustatzen jarraituko dutela iragarri du, “eraginkorrena” dela iritzita. “Aiarako industriaren ahotsa Madrilera eramatera goaz (...) programa serio eta erreal batekin”.
“Aiarako industriaren ahotsa” Madrilera eramango dutela adierazi du Almudena Otaolak
Eskualdean abiatutako proiektuak ere aldarrikatu ditu okondoarrak, Nerbioiko saneamendua eta Amurrio zein Luiaondoko tren geltokietako obrak kasu. Abascali ere egin dio aipamena, nabarmenduta Aiaraldeko jende orok dakiela nondik datorren, “eta nora joan nahi duen”. Horren aurrean, “Euskadi defendatzera” joango da Otaola Madrilera.
Ortuzarren hitzartzea
Andoni Ortuzarrek itxi du ekitaldia. Abstentzioaren aurkako deia zabaldu du Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, ekainaren 23ko hauteskundeek berebiziko garrantzia dutela iritzita. Bere iritziz, EAJ da Madrilen “Euskadiren eta euskal herritarren ongizatzea” bilatzen duen alderdi bakarra. “Ez da Sanchez edo Feijoo, ez da biren kontua”, nabarmendu du, eta EH Bildu ere aipatu du, “Pedro Sanchez eta Podemosen txotxongilo otzanena” izan dela iritzita.
Ortuzarren aburuz, kanpaina honetan alderdi guztiak jarri dira EAJren aurka, eta gauza kontraesankorrak leporatu dizkiote. Horren aurrean, jeltzaleen buruak aldarrikatu du EAJk interes bakarra duela: Euskadi.
Bukatzeko, hauteskundeen osteko balizko akordioei ere egin die aipamena. “Hemen, Laudion, baduzue esaldi-txiste ospetsu bat: Aceros de Llodio, pues nos hacemos. Ba orain antzeko gauza bat ezarri nahi digute guri: Haceros del PSOE, pues nos hacemos. Eta gauzak ez dira horrela (...) EH Bilduk gaurdanik PSOEri txeke zuri bat eman nahi badio bere kontua da, baina guri Sanchezek iplanteamendu serio bat egin beharko digu (...) Euskadiren botoa irabazi egin behar delako”.
Ekitaldia amaitzeko, food truck guneaz eta DJen musikaz gozatu ahal izan dute bertaratutako dozenaka herritarrek.