Aste honetan osatu dute Arabako Foru Aldundiko talde berria eta Ander Larrinaga izendatu dute Garapen Ekonomiko eta Berrikuntza Saileko zuzendari. Laudioarra pozik dago eta uste du aukera ona izango dela berak gogoko duen esparruan eragiteko: "Nik industriaren eta ekonomiaren munduan lan egiten nuen ardura politikoak hartu baino lehen, eta uste dut enpresa pribatuan izandako esperientziak eraman nauela hona. Ezagutzen dut eta espero dut berrikuntzaren arloan aztarna uztea enpresen eta elkarteen artean".
Horri ekin baino lehen, Larrinagaren asmoa da jadanik dauden proiektu estrategikoak egonkortzea, baina berrikuntzari bultzada ematea da bere buruan dagoen asmo nagusia.
Proposamena pasa den astean
Deloitte edota Retabet enpresetan aholkularia eta teknikaria izan zen Larrinaga 2011tik 2019ra bitartean, Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi ostean Deustuko Unibertsitatean.
2019ko ekainean Ander Añibarro alkatearen EAJko udal gobernu taldeko alkateordea bilakatu zen eta nahiz eta garai latzak igaro pandemiagatik, berak eginiko lana goraipatu dute jeltzaleek, eta baita opozisioko zenbait kidek ere.
Gauzak horrela, pasa den astean Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusia berarekin bildu zen eta proposatu zion bere taldean sartzea. "Nire profila duen pertsona baten bila ari ziren eta nire esperientzia aintzat hartu du", argitu du Larrinagak.
Etorkizuna Laudion
Foru Aldundiko zuzendaria izendatu dutenez, Ander Larrinagak uko egin behar izan dio Arabako Batzar Nagusietan zuen ordezkaritzari. Bere ordez, Encina Castresana izango da batzarkidea.
Laudioko Udalean ere zinegotzia da Larrinaga eta, printzipioz, oposizioan jarduteko gogoa dauka eta horrela izango da epe motzera. "Hala ere, etorkizunean baloratu beharko dut oposizioan aritzea eta nire egungo kargua bateragarriak diren lan zamari dagokionez", adierazi du laudioarrak.