Josu Apraizek La Vila Joiosako VII. krosa irabazi du

Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 17a, 17:12

Valentziako lasterketan lehenengoa izan da bere kategorian eta bigarren sailkapen orokorrean. Lasterketa nolakoa izan den kontatu dio Aiaraldea Komunikabideari.

Oporretan ere, dagoen tokitik gertuko lasterketetan parte hartzea gustatzen zaio Josu Apraiz korrikalari laudioarrari. Aurten Villajoyosa hondartzako (Valentzia) krosean eman du izena, oporrak igarotzen ari den tokitik hurbil baitago.

Atzo bertan -uztailak 16- izan zen norgehiagoka, igandean.  08:00etan abiatu ziren korrikalariak ia bederatzi kilometroko ibilbidea osatzeko. “Eta eskerrak”, aitortu du Apraizek; izan ere, bere korrikalari ibilbide luzean inoiz sufritu duen hezetasun handiena zegoen.

Korrikalariak berak Aiaraldea Komunikabideari azaldutakoaren arabera, hasiera-hasieran jarri zen lasterketa buru, atzean lau korrikalariko taldetxoa zuela, baina tarte batera. Zirkuituak bi bira zituen hondartza-ertzean, eta lehen itzulia amaitzear zeudela, korrikalarietako batek laudioarra harrapatu zuen. “Berari egozten diot meritua, ni erritmo berean mantendu nintzelako, baina bera apurka erritmoa azkartzen joan zen”, argitu du. Hala, ibilbidea osatzeko bi kilometroren faltan, beste korrikalariak are gehiago azkartu zuen pausoa eta Apraizek aitortu du ezin izan ziola jarraitu.

Hala ere, “oso-oso pozik” agertu da emaitzarekin eta postuarekin: lehena sailkatu zen bere kategorian eta bigarrena sailkapen orokorrean.

Orain, 10-12 eguneko erabateko atsedena hartuko du eta ostean pixkanaka hasiko da erritmoa berreskuratzen, baina presarik gabe. Izan ere, Laudio Atletismo Taldeko korrikalariak aurreratu du datorren denboraldian ere Donostiako maratoia izango duela helburu nagusi gisa seguruenik, azaroaren 26an izango dena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide