Goitik behera berriztuko dute Laudioko ertzain-etxea eta suhiltzaileen parkea. Birmoldaketa integrala izango da, eta eraikineko hainbat egitura eraitsiko dituzte; hala nola sarrerako aterpea edota arku nagusia. Azaroan hasiko dituzte lanak, eta hasierako aurreikuspenen arabera bi urteko iraupena izango dute. Obrek 4,8 milioi euroko kostua izango dute, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak finantzatuta.
Behin-behineko kokapenak
Obrek iraun bitartean ertzain-etxea eta suhiltzaile parkea behin-behineko kokapen batera lekualdatuko dituzte. Polizia autonomikoak eraikinaren aldameneko parkean jarriko ditu bere bulegoak. Barrakoi batzuk instalatuko dira bertan, ohiko jardunari eutsi ahal izateko. Aste honetan hasi dituzte ingurua prestatzeko lanak, eta urrian lekualdatuko dute jarduna bertara.
Bien bitartean suhiltzaileek Arza poligonoko kamioien aparkalekura lekualdatuko dituzte instalazioak. Barrakoiak eta karpa bat jarriko dituzte bertan, ibilgailu guztiak gordetzeko.