Goizeko lehen ordutik dozenaka langile bildu dira Guardianeko eta Glavistako lantegien atarian. Guardianeko beharginek 24 orduko greba abiatu dute, eta bi enpresa batzordeek indarrak batuko dituzte gaurko egunean. Glavistaren erosketa prozesuak azken asteetan izan duen korapilatzeak, Glavistako 240 langileren etorkizuna kolokan jarri du, eta horiei elkartasuna adierazi nahi izan diete Guardianeko kideek.
Enpresa batzordeek Guardian enpresa egiten dute 240 langileek bizi duten egoeraren erantzule nagusia. Izan ere, Estatu Batuetako multinazionalak hartutako erabakiek hartzekodunen lehiaketa irtenbiderik eta alternatibarik gabe utzi dute. Langileek Guardianeko zuzendaritzari inplikatutako aldeekin irtenbidea negoziatzea eta Glavistaren bideragarritasuna ziurtatzea exijitu nahi diote.
Hori bakarrik ez, piztutako egoerak Guardian enpresa ere kaltetu dezakeela uste du enpresa batzordeak, Laudioko lantegiaren inguruan "deskonfiantza" sortuz, eta honen etorkizuna kolokan jarriz.
Elkarretaratzeak eta mobilizazioa
Piketeekin abiatu dute eguna, eta 12:00etan elkarretaratzea egingo dute bi lantegien sarreran. Arratsaldean mobilizazioa abiatuko dute 19:00etan, toki berdinetik. SOS Aiaraldea plataformak ere bat egin du mobilizazioarekin, eta "Laudioko kaleak elkartasunez betetzeko" deia luzatu diete eskualdeko bizilagun guztiei.