Goi mailako pilotuak etorriko dira Laudioko lehen kart txapelketara

Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 24a, 17:29
Kartinga eserleku bakarreko motordun ibilgailuen kirol mota bat da. Normalean zirkuitu itxietan korritzen da. / Kartcom.com

Abuztuaren 19an antolatu dute Laudioko I. San Roke Open Saria. Jai programazioaren baitan, Latiorroko kaleak hartuko dituzte goi mailako 20 pilotuk eta auto erakustaldi batek. Jon Lainz laudioarrak ere hartuko du parte lasterketan.

San Roke jaien testuinguruan eta hauen programazioaren barruan, lehen kart lasterketa iritsiko da Laudiora. Zehazki, abuztuaren 19an izango da, Latiorro auzoan, eta goi mailako 20 pilotu bertaratuko dira. Tartean dira Albert Costa, Jaime Alguersuari, Dani Clos, Aleix Alcaraz, Nil Montserrat eta Jon Lainz laudioarra, besteak beste.

Laudioko San Roke Open Saria deitu diote kirol ekitaldiari eta Agustin Arbex antolatzaileak azaldu du espero dutela datozen urteetan jarduera udalerrian finkatzea. Izan ere, goi mailako pilotuen lasterketaz gain, herritarrek Club Porscheren auto erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute.

Kart lasterketa Goikogane, San Martin eta Aspaltza kaleetan zehar egingo da, abuztuaren 19ko 16:00etatik aurrera. Arbexek azaldutakoaren arabera, ibilbidean ez dute apenas moldaketarik egin behar izan, oro har “primeran betetzen dituelako pilotu profesionalen eskakizunak”.

Nerea Gonzalez kirol zinegotziak ere espero du probak “harrera ona izatea” eta “bizilagunek lasterketaz gozatzea”. Lasterketa-autoak maite dituztenek, beraz, badute hitzordu garrantzitsua Laudioko jaietan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide