Ohiko eskema jarraitu zuten atzo Aretako jaiek, festa-egunik protokolozkoena izan baitzen. Goizeko hamarretan Santa Anara abiatu ziren Laudio eta Arrankudiaga-Zolloko udaletako ordezkariak, bakoitza bere aldetik. Bertan dagoen mugarrian elkartu ziren guztiak, urtero bezala, bi udalerrien arteko muga markatzen duen harriak bere tokian jarraitzen duela ziurtatzeko.
Hala ere, protokoloak aldarrirako tartea ere utzi zuen, Glavistako langileei ere luzatu baitzieten bertaratzeko gonbita, bizi duten egoeraren aurrean babesa helarazteko keinu gisa. Izan ere, Ainize Gastaka Laudioko alkateak ezin izan zituen mugarriak bisitatu Glavistari buruzko industria arloko bilera bat zuelako, eta berak luzatu zien langileen ordezkariei ekitaldian parte hartzeko gonbita.
Ondoren, Aretara jaitsi ziren denak, elkarrekin tragoa eta mokadua hartzeko. Laudioko udal ordezkariak arratsaldera arte egon ziren festan murgilduta, 80 urteko bizilagunen bazkarian eta omenaldian ere hartu baitzuten parte.
Gaur amaituko dira Aretako jaiak, 21:00etan Nagusien Etxean egingo den dantzaldiarekin.
Argazkiak: Antonio Muñoz, Itziar Duoandikoetxea eta Txomin Egiluz