Partaidetza-prozesu bat irekiko dute Laudioko bidegorria berrantolatzeko

Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 28a, 14:10
2022ko urrian margotu zuten errepidean Laudioko bidegorri sare berria.

Udalerriko bidegorri sarea ezarria zuen enpresak marrak birmargotzeari ekin dio “Udalarekin harremanetan jarri gabe” eta honek bidegorriak berrantolatzeko proiektu bat jarri nahi du abian, “herritarren parte-hartzean oinarrituta”.

Laudioko Udalak oharra kaleratu du datozen hilabeteetan “udalerri barruko mugikortasunari heltzeko eta herria zeharkatzen duen bidegorria berrantolatzeko” partaidetza-prozesu bat abian jarriko duela iragartzeko.

Izan ere, iazko urrian egin zituen enpresa esleipendunak trafikoarekin partekatutako bidegorri sarearen margotze-lanak; baina, “neguko denboraldiko klimatologiaren ondorioz”, zoladura gaineko lerroak ezabatu ziren. Udalak azaldu duenaren arabera, hezetasunak eta hotzak pintura behar bezala ez itsastea eragin zuten.

Hala, Nerea Gonzalez kirol zinegotziak azaldu du bere garaian enpresari egindako lana erreklamatu zitzaiola, “lineak zorutik ezabatu zirelako”, eta orain enpresak marrak berriz margotzeari ekin diola, “bere kabuz” eta “Udalarekin harremanetan jarri gabe”.

Horren aurrean, Udal Gobernu Taldeak adierazi du bidegorriak berrantolatzeko proiektu bat abian jartzeko konpromisoa hartu duela, “herritarren parte-hartzean oinarrituta”. “Gure herritarren eskutik bultzatuko dugun beste prozesu bat baino ez da hau; haiek erabaki behar dute etorkizuneko Laudio nolakoa izango den”, azpimarratu du zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide