Goizeko lehen ordutik gaueko ordu txikietara arte luzatu ziren atzo Ugarteko jaiak. Auzo giroa izan zen nagusi egunean zehar. Tokiko ekoizleen ezoka egin zuten lehenbizi. Umeek eta familiek, aldiz, hainbat jarduerez gozatzeko aukera izan zuten, Kirikiño aisialdi taldearen Basoa espazioan.
Gero, hainbat belaunalditako bizilagunak batu ziren plazan eginiko herri bazkarian. Arratsaldean, aldiz, hainbat jarduera egon ziren aldi berean: buruhandiak, igel toka eta futbolin txapelketak eta futbito torneoaren finala. Azken honek ikumira handia sortu zuen, ehunka lagun bertaratu baitziren hainbat hilabetez luzatu den norgehiagoka nola ebazten zen ikusteko.
Gauean, aldiz, txiki geratu zen auzoko plaza, jende uholdea erakarri baitzuten auzora Dupla taldeak, Bidean erromeriak eta DJ Masak.
Argazkiak: Txema Sallen, Txabi Alvarado Bañares eta Kirikiño