Ugarteko torneoak jendetza erakarri du, jokalariak zein ikusleak

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 2a, 13:00

Asteburuan jokatu zituzten sei kategorietako finalak Laudioko auzunean eta txapelketa osoan 750 kirolarik inguruk hartu dute parte.

Jendetza elkartu zen asteburuan Ugarte auzoko futbol aretoko zelaiaren inguruan hango torneoaren finalak ikusteko. Ehunka lagun batu ziren joko eremua inguratzeko, baina jende mordoak ere parte hartu du txapelketan. Izan ere, sei kategorietan 71 taldek eman dute izena eta guztira 750 jokalari aritu dira, bai neskak zein mutilak.

Ostiralean lau final jokatu zituzten:

  • Benjamin kategoria: Laudioko Uxoa txapeldun, Latiorro bigarren.
  • Kimu kategoria: Dragoia txapeldun, Okondo B bigarren.
  • Haur kategoria: Pingüinos txapeldun, Luiamu bigarren.
  • Kadete kategoria: Kaska txapeldun, M C Reso bigarren.

Larunbatean beste bi final egon ziren jokoan:

  • Gazte kategoria: Bandidos txapeldun, RASD (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) bigarren.
  • Senior kategoria: Pasostan txapeldun eta Mapfre bigarren.

Patxi Rivera Ugarteko Torneoaren antolatzaileak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari oso pozik dagoela aurtengo emaitzarekin: "Iaz 38 talde egon ziren eta honetan 71. Batzuek ziurtatu didate hurrengo urtean ere emango dutela izena. Hortaz, edizio berria egingo dugu".

Riverak azpimarratu du eskualdean ez ezik, kanpoan ere oihartzuna duela txapelketak: "Artziniega, Laudio, Amurrio, Okondo, Zalla, Aiara, Basauri, Sestao, Orozko, Ugao, Urduña edota Sodupeko jokalariak egon dira".

Inplikazioa handitu urrats bat gehiago egiteko

Riverak adierazi du torneoa antolatzearen helburua oso sinplea dela: gazteek kirola egitea. "Kirola egiten duten bitartean, ez dituzte horren egokiak ez diren beste gauza batzuk egiten".

Horregatik, inplikazio gehiago eskatu dio Riverak Laudioko Udalari: "Ugarteko futbito zelaia estaliko balute nik konpromisoa hartuko nuke Ugarteko kluba sortzeko eta Gabonetako Torneoa ere antolatzeko".

Berez, Patxi Riveraren asmoa bada aurten txapelketa egitea Gabonetan eta irailetik aurrera ekingo dio horri. Aldi berean, Ugarteko San Silbestre lasterketa ere antolatuko du.

"Espainiako Estatuan lehiarik ez duen torneoa"

Patxi Riverak aldarrikatu nahi izan du Ugarteko Torneoak duen garrantzia. Izan ere, bi hilabetez egunero jokatzen dituzte partidak eta finaletan jendetza ikaragarria elkartzen da. "Uste dut Espainiako Estatuan ez dagoela horrelakorik", nabarmendu du antolatzaileak.

Erronka berrien artean, nesken parte hartzea areagotu nahi du torneoan: "Animatu behar ditugu izena eman dezaten. Edizio honetan oso ondo egin dute".

Argazkiak: Antonio Crespo Perez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide