Erantzunik gabeko erasorik egon ez dadin

Jone Gartzia Gerra 2023ko abu. 14a, 07:00
Aurten ez dute azken urteetan Baserritar egunean egin izan duten manifestazioa egingo. / Aiaraldea.eus

Laudioko Mugimendu Feministak jaietan zehar 24 orduz martxan egongo den telefono zenbakia aurkeztuko du, protokoloa aktibatzeko. Zapi moreak ere salduko dituzte eta greba feministaren inguruko informazio guneak jarriko dituzte egun handietan.

Laudioko Mugimendu Feministak azaldu ditu aurtengo jaietan egingo dituen ekimenak. Urtero bezala, erasoei erantzuteko protokoloa jarriko dute martxan. Jaiek irauten duten bitartean edozein unetan erasoak salatu ahal izateko telefono zenbaki bat zabalduko dute datozen egunotan. Zenbakia 24 orduz egongo da aktibo, edonork behar duenean deitu ahal izan dezan.

Aurten ez dute azken urteetan Baserritar egunean egin izan duten manifestazioa egingo, baina horrek ez du esan nahi indarkeria matxista egunerokotasunetik eta jaietatik desagertu denik. Protokoloa berdin-berdin jarriko dute martxan, honen beharrezkotasunaz jabetuta, eta emakumeek eta sexu-disidenteek pairatzen duten indarkeria eta jazarpena salatzeko eta ikusarazteko bestelako ekimenak egingo dituzte. Urtero bezala, zapi moreak salduko dituzte, herri osoan zabaldu dadin sexismoaren kontrako aldarria.

Antolatzen jarraitzearen beharra

Borroka feministak duen gaurkotasunaren adierazle, iaz hainbat eraso salatu behar izan zituzten jaien lehenengo egunetan. Abuztuaren 16ko gauean kalean eta herriko bi tabernatan hainbat eraso izan ziren, ez soilik Laudion, baita Amurrion ere. Mugimendu Feministak bi herrietan deitu zituen erasoak salatzeko manifestazioak hurrengo egunean. Laudion Alberto Acero plaza jendez bete zuten erasoak gaitzesteko eta autodefentsa feministaren garrantzia azpimarratzeko.

Erasoak salatzearekin batera, poliziaren eta gizon batzuen jarrerak gogor kritikatu zituzten. Batetik, erasoetako bat izan zen taberna batean polizia sartu izana salatu zuten, erasoa pairatu zuten emakumeek ahala nahi izan gabe eta “egoera behar ez zen muturrera tentsionatuz”, gero “erasotzailea aske eta lasai joaten uzteko”. Bestetik, gizon batzuen jarrera “paternalista eta oldarkorra” kritikatu zuten, baita erasotzaileen konplizeren jarrera ere. “Ez dugu printzipe salbatzaileen beharrik”, argi utzi zuten elkarretaratzean. 

Greba feministarako prestatzen

Nolanahi ere, Laudioko Mugimendu Feministak ez du salaketara mugatuko jaietako jarduna, eta azaroaren 30ean zaintza eskubidearen alde Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen greba orokorra zabaltzeko baliatuko dituzte egunok. Denon Bizitzak Erdigunean lemapean mobilizazio prozesu bat zabaldu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak 2022an, “euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa ezaugarritzen hasteko”. Azaroaren 30ean jarri nahi dute mugarria zaintza sistema aldatzeko. 

Euskal Herriko herri eta auzoetan emakumeak hasi dira greba antolatzen eta sozializatzen, eta Laudio ez da salbuespena. Jai egunetan jende ugari elkartzen dela probestuta, bi egunetan informazio puntuak jarriko dituzte Mugimendu Feministako kideek. Lehena txupinazo egunean izango da, abuztuaren 15ean. Batzalarrin kalean banatuko dute greba feministaren inguruko informazioa. Hurrengo info-gunea abuztuaren 25ean jarriko dute Aldai plazan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide