"Espainiako Kick Boxing Txapelketa beste maila batean dago eta asko ikasi dugu"

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 8a, 16:00
Jorge Bengoa eta Bilall Ben Yechou. / Aiaraldea.eus

JORGE BENGOA (Laudio, 1979) eta BILALL BEN YECHOU (Areta, 2003) Espainiako Kick Boxing Txapelketan aritu ziren maiatzean. Emaitza positiboak lortu ez ezik, irakaspen garrantzitsuak ere ekarri zituzten.

Zein txapelketan hartu zenuten parte maiatzean?

Bilall: Espainiako K-1 eta Kick Boxing Txapelketetan. Guadalajaran izan zen.

Emaitza positiboak eskuratu zenituzten, ezta?

B: K-1 diziplinako kategoria altuenean borrokatu nintzen, 105 kilo pisatzen bainituen. Bi borrokalari baino ez ginen maila horretan agertu eta zuzenean finalean aritu ginen.

Berak ni baino eskarmentu handiagoa zuen eta borrokalari profesionala da. Ni kirolari amateurra naiz oraindik -lau borroka ofizial dauzkat eta lauak amateurrak- eta ringean ikusi zen horren isla. 

Borroka orekatua izan zen eta galdu nuen azken round-ean arazo bat dudalako sudurrean eta odoletan ari nintzelako. Odolagatik gelditu zuten borroka eta garaipena berarentzat izan zen.

Ni duela sei urte inguru hasi nintzen Asier Arzarekin entrenatzen. Asko entrenatu dut eta orain Gorobelen entrenatzailea naiz Patrirekin eta profesionalizatzen saiatzen ari naiz. 

"Oscar Nevado Munduko Kick Boxing txapeldunaren aurka galdu nuen"

Txapelketei begira nire helburua da pisua jaistea, 90 kilora. Orduan ikusiko dut lehiaketaren batean parte hartzen dudan edo borrokaren bat adosten dugun.

Jorge: Ni bi modalitatetan borrokatu nintzen: Kick Light eta Light Contact. Ostiraleanhasi nintzen eta Master 40 kategorian aritu nintzen. Light Contacten finalerdietara heldu nintzen, baina Murtziako kirolari batekin galdu nuen. 

Larunbatean lehen borroka irabazi nuen Kick Lighten, baina final laurdenetan egokitu zitzaidan Gasteizko Oscar Nevadorekin neurtzea eta bera Munduko Kick Boxing Txapelduna izan da, Europakoa, Espainiakoa... Kondaira hutsa da eta galdu nuen, baina oso esperientzia ona izan zen.

Gainera, Nevado oso jatorra da eta pozik bukatu nuen. Borroka polita izan zen. Dena eman nuen, baina ezinezkoa zen.

Bizipen oso ona izan da?

B: Bai, lehenengo aldia da Espainiako Txapelketera joaten garela eta Euskal Selekzioak hautatu gintuen.

Berez, aurten ez da borrokarik egon hautatuak nortzuk izango ziren erabakitzeko; epaile talde bat bildu da eta eurek erabaki dute nor joan behar zen. Jorgek oso borroka onak egin ditu eta nik baten bat ere irabazi dut. Nik bi borroka izan ditut, Balmasedan eta Oviedon. 

"Oviedon Espainiako txapeldunaren kontra borrokatu nintzen eta oso ondo egin nuen"

Bat oso garrantzitsua izan zen. Nire arerioa hamar aldiz Espainiako Txapelduna izan da eta nik ez nekien. Oviedora joan nintzen eta aurre egin nion, 120 kilo pisatzen baititu.

Oso ondo egon zen borroka, baina azken asaltoan sudurra odoletan izan nuen berriro eta eten zuten norgehiagoka. 

Aintzat hartu beharra dago Jorge eta biok borrokalari amateurrak garela eta Espainiako Txapelketan maila bestelakoa dela.

J: Onenak daude han. Gehienak profesionalak dira. Marrazo guztiak elkartzen dira.

B: Guretzat ikusgarria zen eta esperientzia oso ona. Asko ikasi dugu. Espero dugu gure azken parte hartzea ez izatea eta itzultzea guztia emateko.

Jorge, zuk zenbat borroka izan dituzu?

J: Amateur bezala zazpi borroka ringean eta tatamian, aldiz, zortzi edo bederatzi. Zortzi urte bete ditut kirol honetan eta pozik nago, nahiz eta berandu hasi nintzen.

"Espainiako Txapelketan ikusi dugu zein garrantzitsua den teknika Kick Boxingean"

B: Hala ere, sasoi fisiko paregabea duzu, inork ez dauka zure kategorian.

Zer ikasi zenuten Espainiako Txapelketan?

B: Nik ikasi nuen irabazteko zenbait trikimailu daudela. Joan nintzen pentsatzen guztia eman behar zela, eta ez da beti horrela.

Oso teknikoak dira eta low-kick asko bilatzen dituzte. Ni "striker" naiz, KO egitera noa eskuekin, baina han low-kick egitea ezinbestekoa da. Pertsonalki ere esperientzia ikaragarria da, Jorge anaia baita niretzat.

J: Niretzat ere garrantzitsua izan da. Aldaketa handia suposatu du. Nire borrokatzeko era oinarrituta dago etengabe kolpeak ematean. Aurrera egiten dut beti kardio ona dudalako, baina Espainiako Txapelketan ikusi dut teknika oso inportantea dela.

Borrokalari guztien maila oso altua da teknikoki. Bueltatzeko hobetu behar dut hori; pentsatzea, tatamia kontrolatzea, teknika, mugimenduak... Beste mundu bat da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide