Gaztelerazko literaturako eleberririk ezagunenetariko bat da La vida de Lazarillo de Tormes y de sus fortunas y adversidades. Egile ezezaguna du obrak, eta ediziorik zaharrena 1554koa da. Nikolas Ormaetxea Orixek euskarara itzuli zuen 1929an, Tormeseko itsu-mutila izenburupean. Orixek bizkaierara itzuli zuen gaztelaniazko eleberri klaskikoa, eta orain, Kepa Barañano laudioarrak euskarara batura itzuli du.
"Nik, munduan beste askok bezala, Lazarillo de Tormes liburua eskolan irakurri nuen, literatura bikaina zelakoan, eta honela zen. Euskaraz ere irakurri nahi nuen baina orduan ezinezkoa zen: alde batetik eskola guztiz erdalduna eta erdaltzalea zelako, eta bestetik, lehenengo zatia Bizkaiko euskarara itzulia bazegoen ere, Orixe jakintzale handiak egina hain zuzen, euskara batuan ez zegoen eta inoren eskuragarri ere ez zegoelako", azaldu dio Barañanok Aiaraldea Komunikabideari.
Zentsurarik gabe
Grin horri jarraituz eleberria euskaratzeari ekin zion Barañanok. Eleberriak bi zati ditu, eta hainbat pasarte zentsuratuak egon dira urte luzez. Idazle laudioarrak eleberria bere osotasunean itzuli nahi zuen, eta Arteako liburutegian aurkitutako ale bat baliatu du lan hori gauzatzeko. "Esan gabe doa, jakina, oraingo honetan zentsurarik ez dela, eta, beraz, idazle zaharrek eman zioten kritika eta errealismo puntu hori bixi-bixi dago euskarazkoan halaber; izan ere, eleberri zahar hau erlijioari, Espainiako gizarte ustelari – gaur egun berriz ere ikusgai dugun bertsuari – eta oro har gizakiaren hipokresiari egiten dizkion maiseoengatik da bereziki aipagarri eta goresgarri", aldarrikatu du Barañanok.
"Tormesko Lazarotto eleberri bikaina dela ezin ukatu. Ederra bezain irakurtzeko zaila ere bai, gaztelania zaharrean baitago. Euskaraz, berriz, errazagoa ez noski, baina literatura aldetik zein hizkuntza aldetik gazteleraren mailara iritsita eman dudala uste dut. Euskarak ez dio zorrik erdarari, ez hitz ez joskera ez esamoldeez den bezainbatean", gaineratu du itzultzaileak.
Euskarazko itzulpena Internetetik deskargatu daiteke zuzenean, nahi duen orok irakurri dezan. Hemen aurkitu daiteke eleberria.