Noiz eta nola sortu zenuten Bagabiz kuadrilla?
Pasa den urteko jaietan 2-3 lagun talde batu ginen, herri bazkarietara eta abarrera animatuz, eta guk ere herriko jaietan gure alea jartzeko asmoz animatu gara jaietako kuadrilla sortzera. 19–22 urte arteko adinean kokatzen gara gehienok eta 35 pertsona inguru gara kuadrillan.
Zer dela eta erabaki duzue Suziri Jai Batzordearen barruan sartzea?
Azkenean kuadrila historikoak txiki txikitatik ikusi izan ditugu kaleetan ekintza ezberdinak antolatzen, eta jaien antolaketaren barnean geroz eta jende gehiago egotea herriko jaientzat positiboa izan daitekeelakoan gaude, batez ere ekintza aniztasuna bermatu dadin eta laudioar orok gustoko ekintza izan dezan.
Laudion hainbat urtez ez da kuadrilla berririk eratu, baina aurten hainbat kuadrilla sortu zarete. Zergatik izan dela uste duzue?
Aurretik esan bezala, kuadrilla historikoek egindako lana oraindik ere ikusgai dago herrian, baina gazteon hauspotze honek jaien antolaketaren etorkizuna bermatu dezakeela uste dugu.
"Belaunaldi berrien inplikazioak jaietako ekintzen hauspotzea ekarriko duelakoan gaude"
Belaunaldi gazteak sartu zarete jaien antolakuntzan. Ezberdintasunak sumatzen dituzuen zuek sustatu nahi duzuen jai ereduaren eta orain arte egon denaren artean?
Oraindik lar goiz da ezberdintasun horiek ikusteko. Izan ere, oraindik ez ditugu ospatu gure lehenbiziko jaiak kuadrila gisa. Baina belaunaldi berrien inplikazioak jaietako ekintzen hauspotzea ekarriko duelakoan gaude, geroz eta ekintza berritzaileagoak aurrera eramanez.
Kuadrilla moduan biziko dituzuen lehen jaiak izango dira hauek. Zer espero duzue jai hauetatik?
Jai hauek gure talde proiektu honen abiapuntu bezala hartu behar ditugu, lehenengo aldiz kokatuko gara horrelako egoera batean, eta erronka ederra izango da, talde moduan erantzun beharko dugu, maillot horia eramateko helburua dugu eta!
Laudioarrak Suziri Jai Batzordea osatzen dugun kuadrilen egitarauan parte hartzera deitu nahi ditugu, jai ederrak pasa ditzagun herriko jendeak urtean zehar egiten duen lana nabarmenduz.