Noiz eta nola sortu zenuten Eztandak kuadrilla?
Pasaden urteko jaiak amaituta kuadrila osatzea erabaki genuen. Dena antolatzeak lan handia suposatzen du eta gazteak izanda horren parte izatea erabaki genuen.
Kuadrila osatzeko bi kuadrila elkartu gara. 12 kide gara, 28 eta 23 urte bitartekoak.
Zer dela eta erabaki duzue Suziri Jai Batzordearen barruan sartzea?
Urtero kuadrilek antolatutako ekintzetan egoten gara edo parte hartzen dugu eta horren parte izatea nahi genuen. Nahiz eta lan handia izan, jaien antolakuntzan parte hartzea ezinbestekoa da jaiak bizirik irauteko.
Zergatik da garrantzitsua jaien antolakuntzan modu aktiboan parte hartzea?
Ekintza asko eta asko antolatzen dira eta horiek aurrera eramateko denbora eta pertsonen konpromezua ezinbestekoa da.
"Garrantzitsua da egunean zehar ere kalean egotea"
Laudion hainbat urtez ez da kuadrilla berririk eratu, baina aurten hainbat kuadrilla sortu zarete. Zergatik izan dela uste duzue?
Bai, egia da azken urteetan kuadrila nahikotxo sortu direla. Gure ustez, antolakuntzan egoteak lana dakar, baina jaietaz disfrutatzeko aukera berezia ere eskaintzen du.
Belaunaldi gazteak sartu zarete jaien antolakuntzan. Ezberdintasunak sumatzen dituzuen zuek sustatu nahi duzuen jai ereduaren eta orain arte egon denaren artean? Zer aldatu nahiko zenukete orain arteko jaietatik?
Azken urte hauetako jai eredua egokia dela uste dugu. Eskaintza zabala dago edozein belaunaldietako jendearentzat. Jai giroa egun osoan zehar dago eta hori garrantzitsua dela uste dugu. Garrantzitsua da egunean zehar ere kalean egotea.
Kuadrilla moduan biziko dituzuen lehen jaiak izango dira hauek. Zer espero duzue?
Bai lehenengo urtea izango da eta gogotsu gaude. Egun hauetan antolatuko ditugun ekintzetarako beharrezkoak diren materialak antolatzen ari gara.
Kuadrila egunean 'Zelai errea' antolatuko dugu. Orain dela urte batzuk beste kuadrilla batek antolatzen zuen eta jolas hau berreskuratzea erabaki genuen. Kuadrillen Eguna luzea izaten da eta aukera hobezina izango da gorputza berotzeko. Animatu zaitezte, goizeko 12:00etan Aldai Plazan.
Bestalde, Baserritarraren egunean, arratsaldeko lauretan 'Abarka jaurtiketa' egingo dugu Herriko Plazan. Ahalik eta urrunen botatzeko prest?