Etxean dago Hodei Muñoz, ostiralean auto bategatik harrapatua izan ostean. Txirrindulari aiararra Laudioko Gardea auzoan entrenatzen ari zen auto batek harrapatu egin zuenean. Ibilgailua ihesean atera zen eta herritarren laguntza eskatu dute gidaria identifikatzeko.
Hala azaldu du Alimco Campy Team taldeak sare sozialen bidez. Medikuek jakinarazi dutenez, kirolariak ez du lesio larririk, baina bai kolpe ugari. Gauzak hala, behaketan egongo da tarte batez.
Taldeak babesa helerazi nahi izan dio Muñozi, eta gertatutakoa salatu du, "txirrindularientzako errespetua" aldarrikatuz.
Udaltzainak ari dira kasua ikertzen
Laudioko Udaltzaingoak hartu du kasua ikertzearen ardura. Tokiko poliziak jakinarazi duenez, auto gorri bat izan zen Muñoz harrapatu zuena, baina txirrindulariak ez du ibilgailuaren inguruko datu gehiagorik oroitzen, eta zonaldean ez dago ezta segurtasun kamararik.
Txirrindulariak poliziei azaldu dienez, autoa bidegurutze batetik atera zen, bizikletak zuen lehentasuna errespetatu gabe, eta kirolariaren aurka egin zuen talka.