Sargoriak markatu zuen atzoko Berakatz Eguna Laudion. Tenperatura altuak ez ziren oztopo izan herriko kaleak betetzeko. Hontzak kuadrillak flan-xurgaketa txapelketaren lehenengo edizioa egin zuen bazkalostean, eta Patxi Perezen erromeriak dantza-plaza girotu zuen jarraian.
Beste urte batez kantukadak Laudioko kaleak bete zituen, eta bingo musikatua eta zunba egin zituzten txosnagunean. Handik metro gutxira, Aldai plazan, ohiko berakatz zoparen prestatze eta dastatzea egin zuen Berakatz Zoparen Kofradiak.
Mojinos Escozios bertan behera
Bertan behera geratu zena Mojinos Escozios taldearen kontzertua izan zen. Taldeak hegazkina galdu zuen eta aurreikuspenen arabera 00:30-1:00ak aldera ziren Laudiora iristekoak. Kontzertua, ordea, 23:00etarako zegoen programatuta. Jai kuadrillen eta udaleko teknikarien iritzia jaso ostean, kontzertua bertan behera uztea adostu zuen Udal Gobernuak.
Mojinos Escozios taldeak, bere aldetik, oharra plazaratu du sare sozialetan, gertatutakoa azalduz. Adierazi dute salaketa jarri dutela Lufthansa hegazkin-konpainiaren aurka, eta Laudioko Udalaren "sentsibilitate falta" salatu dute.
@LaudiokoUdala @europapress @elcorreo_alava #SuspensionLlodio #Surrealista @Mojinosescozios #SemosLosMasGrandes pic.twitter.com/ELMWXrhBhD
— Mojinos Escozios (@Mojinosescozios) August 23, 2023