Irailaren 16an ospatuko dute Artziniegako Antzinako Azoka

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abu. 28a, 16:05

Euskal Herriko azokarik zaharrenetariko bat da Artziniegakoa. / Aiaraldea.eus

Indarberriturik dator Artziniegako Antzinako Azoka, eta XXIV. edizioa ospatuko dute irailaren 16an. Aurten, artisau ekoizleetan jarri nahi du indarra antolakuntzak, eta inoiz baino postu gehiago egongo direla aurreratu dute.

Antzinako Azokaren edizio berri bat prestatzen ari dira Artziniegan. Iaz, COVID-19aren etenaldiaren ostean, herritar talde batek ekin zion ekimenaren antolaketari, hausnarketa prozesu luze baten ondoren. Aldaketaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, eta aurtengo edizioan ere bide beretik egin nahi dute aurrera. “Merkatuak bere sorreran zuen filosofiara itzultzea nahi dugu”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari.

Aurtengo XXIV. edizioa izango da, eta irailaren 16an ospatuko dute. Aurreratu dutenez, artisau postuen eskaintzan jarri nahi dute indarra, eta iaz baino gehiago egongo dira aurten. Talde eragileak Artziniegako herritarrei ere luzatu die, beste behin, azokan parte hartzeko gonbitea: “herri guztiak hartzen du parte azokan, denak janzten dira garaiko arropekin, eta hori da merkatuaren indargune nagusietako bat; izaera herrikoia, hain zuzen ere”. Aurreratu dute “egun osoko egitarau oparoa” prestatuko dutela, eta “giro ona” ziurtatuta dagoela.

Duela 25 urte antolatu zuten azoka lehenbiziko aldiz, Artziniega Museoaren ekimenez, eta eragile horrek antolatu zituen lehen hiru edizioak. Bolaretxe kuadrillak hartu zuen lekukoa gero, eta ondoren beste hainbat eskutatik igaro da ekimena prestatzearen ardura: Udalak hartu zuen bere gain lehenbizi, ostalari talde batek gero, eta tokiko erakundearen esku geratu zen berriz duela 5 urte, harik eta gaur egungo talde eragileak antolakuntza bere gain hartu zuen arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide