Esti Urresolak merezitako oporraldia hartu zuen abuztuan, baina lanean ari da berriro, iraila izugarri bizia izango baitu.
Hasteko, irailaren 7an jakingo du Oscar Sarien lehian egongo den. Akademiko espainiarrek hiru film hautatuko dituzte eta Urresolak ez du ukatzen aukerak izan ahal dituela: "Nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan ibilbidea egin duten filmeek badirudi aukera gehiago izango dutela".
Hala ere, laudioarrak azaldu du prozesu zaila dela: "Akademikoek erabakiko dute, hau da, zinema industriako langileek. Horien artean zuzendariak, ekoizleak eta antzezleak daude, batzuek euren filmak izango dituzte lehian eta ez dago irizpide zehatzik. Zaila da neurtzen".
Momentuz, ez du horretan gehiegi pentsatu nahi. "Izendatuak bagara, primeran, baina gero kanpaina egin beharko genuke eta hori lan handia da", azaldu du sortzaileak.
Europako Zinema Akademiako sarien izendapenarekin pozik
Oscar Sariei garrantzia kendu gabe, Esti Urresolak uste du saritua izan dela jadanik: "Filma bukatzea izan da nire saria. Irabazi dut. Ikusleen aldetik jasotzen ari naizen berotasuna onena da, herrialdez herrialde".
Horren adibidea izan da Europako Zinema Akademiako izendapena. Urresolarentzat ohorea izan da 18 hautatuen artean egotea, Victor Erice zinemagilearekin batera, besteak beste.
Horrez gain, laudioarrak izendapen gehiago metatu ditu, LUX Sariak, esaterako. Aitortza horiek Europako Parlamentuarenak dira eta balio europarren unibertsaltasuna eta aniztasuna islatzen duten filmeek jasotzen dituzte. Urresolarekin batera Aki Kaurismaki dago izendatua, besteak beste.
Zinemaldian
20.000 especies de abejas pelikulak erronka berria izango du irailaren 22an, Donostiako Zinemaldiko Zinemira Saila inauguratuko baitu.
Halaber, 150.000 ikusle erakarri eta gero Espainiako estatuko zinemetara, eduki plataformetan ikusgai dago abuztutik pelikula eta DVD eta Blu Ray euskarrietan egongo da irailaren 12tik aurrera.