Laudioko EH Bilduk oharra kaleratu du jaien inguruko balorazioa plazaratzeko. Jai “herrikoi” eta “hurbilak” defendatu ditu, “euskara eta euskal kultura ardatz izango dituztenak eta herriaren aniztasun kultural eta sozialari erreparatuko diotenak”.
Koalizioak azpimarratu du “beste jai eredu batean” sinesten dutela, eta horregatik babesten dutela jaien antolakuntza partekatua Udalaren eta kuadrillen zein herriko kultur, kirol eta gizarte eragileen artean.
EH Bildu Laudiok adierazi du aurtengo jaien testuingurua “ezohikoa” izan dela, bi hilabete baino ez direlako igaro gobernu aldaketa gauzatu zenetik jaiak ospatu artean. Testuinguru horretan, azaldu du “antolakuntzan inplikatutako eragileen lanarekiko errespetua eta elkarlana bultzatzea” izan dela koalizioaren jardueraren ardatza.
Horrez gain, oharrean azaldu du Udalak aurtengo jaietan ahalegin berezia egin duela “jai eredu feministan sakontzeko, emakumeei oholtzatan presentzia gehiago eskainiz eta mugimendu feministarekin elkarlana sustatuz”.