Baldintzapeko askatasunean utzi dute bere bikoteari labanaz erasotzea egotzita atxilotutako emakumea

Erredakzioa 2023ko ira. 9a, 17:06

Ertzaintzak atxilotu zuen emakumea. / Aiaraldea.eus

Atzo atxilotu zuen Ertzaintzak Laudioko Ugarte auzoko etxebizitza batean eta gaur pasatu da Amurrioko epailearen aurretik.

Emakume bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Laudioko Ugarte auzoan, gizon bati labanaz erasotzea leporatuta. Ertzaintzak jakinarazi duenez, erasotzaileak “harreman sentimental bat” zuen erasotuarekin, eta etxeko indarkeria kasu moduan ikertzen ari dira. 

Ostegunetik ostiralera bitarteko gauean jazo zen gertaera. Bizilagunek ohartarazi zuten polizia. Hala kontatu du Ertzaintza prentsa oharrean: “Bertaratu zirenean, polizia-patruilak gizon bat aurkitu zuen eraikineko eskaileran, sabelaldean odola zeriola. Handik gutxira, emakume bat ikusi zuten, eskuan arma zuri bat zuela eta eskuetan odola zuela”. 

Larrialdi zerbitzuak deitu zituzten orduan, gizona artatzeko. Hauek anbulantziaz eraman zuten zauritua Galdakaoko ospitalera. Bien bitartean, poliziek gertatutakoa ikertzeari ekin zioten, eta emakumea atxilotu zuten, etxeko indarkeriaren barruko lesio delitu bat egotzita. 

Gaur jarri dute atxilotua Amurrioko Epaitegiaren esku, eta eguerdian utzi dute baldintzapean aske, karguekin eta prebentziozko neurriekin, epailearen aurretik pasa ostean. 

Oihartzun handia

Albistea atzo zabaldu zen herrian, ahoz aho zein sare sozialen bidez, baina orain arte ez da informazio ofizialik egon. Ertzaintzak arratsaldeko lehen orduan zabaldu du gaiari buruzko prentsa oharra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide