Antonio Oyarzabal musikari laudioarrak Londreseko Royal Albert Hall eraikin ospetsuan joko du irailaren 19an 20:00etan, Elgar Room aretoan, hain zuzen.
Sortzaileak Steinway Piano Series ekimenaren barruan egingo du, Donne, Women in Music fundazioaren eskutik. Antolakunde horrek genero berdintasuna sustatzen du musikaren esparruan eta horregatik gonbidatu du Antonio Oyarzabal.
Izan ere, pianistak XX. mendeko Europako eta Ameriketako emakume konpositoreen lanak berreskuratu ditu La muse oubliée eta El fin del silencio diskoetan.
Pieza horiei esker aurten Los Angelesen, Floridan, Bilbon, Valentzian, Irlandan edota Salzburgon eskaini ditu emanaldiak.
Horrez gain, Oyarzabal lanean ari da La muse oubliée diskoaren bigarren partea laster argitaratzeko. Aurrekoan bezala, emakumezkoen piezak jorratuko ditu.