Laudioko alderdi politiko independenteak ohar bidez eman du aurtengo jaien balorazioaren berri. Nerea Gonzalez Garcia Omniako zinegotzia Hiri- eta Landa-inguruneko Mantentze-lanak arloko arduraduna da, eta jaiak aurrera ateratzeko egin duen lana goraipatu du bere taldeak.
Izan ere, udal gobernu taldea jaiak hasi baino bi hilabete lehenago osatu zen eta, Omniak azaldu duenez, “programazioa oso aurreratua bazegoen ere”, azken hilabetean lan handia egin behar izan zuten gobernukideek lotu gabe zeuden kontuak antolatzeko. Horien artean nabarmendu dute Gonzalezek egindako lana obretako brigadak antolatzen, kart-lasterketa antolatzen eta jai-eremuen kokapenak gainbegiratzen .
Herritarren parte-hartzeari dagokionez, “aktiboa” izan dela azpimarratu du Omniak oharrean, eta horrek pozten duela adierazi du. “Pregoiaren unetik, plaza gainezka dagoela, gozatu egin dugu antolatutako ekitaldietan izan den jendetza handia ikusita”, jarri du azpimarra.
“Sanrokeak posible bihurtu dituzten guztiei” eskerrak eman dizkiete zabaldutako mezuan: “Kuadrillak, lantaldeak, herriko elkarteak, udal langileak… guztiek euren onena eman dute jai hauek aurrera ateratzeko”.
Era berean, gainerako herritarrak hurrengo jaien antolakuntzan murgiltzera animatu dituzte Omniako kideek, “pluralak eta parte-hartzaileak” izan daitezen. “Parte-hartze aktiboan sinesten dugu; horregatik, herritarrak beren taldeetan parte hartzera animatzen ditugu. Jaiak guztionak izatea nahi badugu, parte har ezazue emaitza auzokideen gehiengoarena izan dadin eta ez gutxi batzuena”.
Hobetzeko kontuak ere badaude
Fokua 2024ko sanrokeetan jarrita, atzera-begirada autokritikoa ere plazaratu du talde independenteak. “Badakigu ekintza batzuen kokaleku eta ordutegi aldaketaren inguruko informazio mugatuak ondoeza sortu duela. Horregatik, komunikazio-bide eraginkorrak bilatzeko lan egingo dugu, ahalik eta herritar gehiagorengana iristeko”.
Bestalde, Omniako kideek aipatu dute jakitun direla hainbat herritar ez zirela ados egon Udalak hartutako zenbait erabakirekin. Horri dagokionez aipatu dute “edozein hautuk bere aurkariak izango zituela”. “Uste dugu hartutako erabakia egoeraren azterketaren emaitza izan zela, eta ez arinki hartutakoa”, itxi dute gaia.