Laudioko padel liga antolatzen ari dira

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 13a, 07:00

Laudioko padel klubak antolatuko du txapelketa. / Aiaraldea.eus

Herriko padel klubak ekin dio txapelketa prestatzeari. Ez da federatua ez ofiziala izango, hortaz, edozein herritar batu daiteke. Igandean amaituko da izena emateko epea.

Laudioko padel liga antolatzen ari dira herriko jokalariak lehian jartzeko. Tokiko padel klubak abiatu du ideia eta asmoa da "padela praktikatzen duen edonork jokatzeko aukera izatea", Aintzane Garciak azaldu duenez.

Zehazki, antolatzaileek nahi dute bikoterik ez duen jendeak txapelketarekin bat egitea: "Norbaitek ez badu norekin eman izena, guk bilatuko diogu". Osagai herrikoiari lehentasuna eman nahi diote eta horregatik ez da lehiaketa ofiziala izango, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa federatuta egotea.

Txapelketa mistoa

Berez, klubak antolatu dituen beste proba batzuetan bezala, parte hartzea mistoa izango da generoaren aldetik. Hau da, ez da egongo emakumezkoen eta gizonezkoen ligarik. Guztiek jokatuko dute txapelketa bera eta bikoteak ere mistoak izan daitezke.

Irailaren 17an, igandean, bukatuko da izena emateko epea eta horretarako interesdunek 625 833 124 telefono zenbakira bidali beharko dute Whatsapp mezua. Hurrengo egunetan arauak eta egutegia zehaztuko dituzte antolatzaileek.

Saria oraindik ez dute zehaztu, baina egongo da. "Saria ez da garrantzitsua guretzat, inportanteagoa da partaidetza eta giroa. Adin guztietako jokalariak elkartzen gara Gardeako kantxetan eta txapelketa amaituta ere, afaria edo bazkaria egin nahi dugu", aipatu du Aintzane Garciak.

Padel klaseak

Tokiko liga ez ezik, haurrentzako eta emakumeentzako klaseak ere antolatuko ditu padel klubak, emakumezkoen kirola sustatzeko, besteak beste.

Elkarteko kideek duten arazoa, ironikoki, kirolak duen arrakasta da: "Bi pista baino ez daude Laudion. Jende ugarik jokatzen dugu eta astebete lehenago erreserbatu behar ditugu. Gauzak horrela, soilik daukagu klaseak asteazkenetan eskaintzeko aukera, 17:00etatik 20:00ak arte. Saiatzen ari gara Udalarekin adosten igandeetan ere kantxak horretara bideratu ahal izatea, itxita baitaude", adierazi du Garciak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide