Elkarretaratzea egin dute gaur 19:00etan Laudioko Herriko plazan salatzeko Tubacexeko grebari lotutako bi epaiketa egongo direla: irailaren 18an (hau da, hurrengo astelehenean) eta urriaren 11n.
Mobilizazioaren deitzaileek auziperatu guztien absoluzioa aldarrikatu dute eta azaldu dute asteleheneko hitzorduan eskualdeko hiru gaztek lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigor eskaerei egingo dietela aurre.
Dena den, deitzaileek honakoa ere nabarmendu dute: "Alde larriena ez datza fiskaltzaren gehiegizko eskaeretan, baizik eta langile klasearen aldarrikapenekiko elkartasuna kriminalizatzeko saiakeran. Epaiketa honetan Ertzaintza saiatuko da Tubacexeko grebalarien aldeko mobilizazioetan parte hartu zuten hiru gazte liskar sortzaile profesionalak bihurtzen".
Halaber, hiru lagunen jarduera babestu dute: "Hiru lagun hauek errudunak badira, eskualdeko eta kanpoko milaka pertsona bezala, bada borroka justu eta zilegi bati babesa emateagatik".
Bide batez, Ertzaintzaren "azpijokoak" kritikatu dituzte eta euren helburuak azpimarratu dituzte: "Alde batetik, beldurra sortzea lan gatazkak ez zabaltzeko gizartean, baina baita eurek behin eta berriro errepikatutako kontakizuna berrestea. Hau da, saltzea gertatutako liskarrak langileekin zerikusirik ez zuten pertsonek eragin zituztela. Eta, egia esanda, Tubacexeko gatazkan bizitako indarkeria gehiena ez zuten grebalariek sortu. Hain zuzen, Ertzaintzaren jarduerak eta jarrerak ekarri zuten bortizkeria, Tubacexeko Administrazio Kontseiluaren piketeen lanak bete baitzituen".
Urriaren 11n, beste bi langile akusatuen aulkian
Beste epaiketa baten berri ere eman dute mobilizazioan: "Enpresako bi langilek 14 hilabeteko espetxe zigorrei aurre egingo diete, desorden publikoak eta agintaritzaren kontrako delituak egotzita. Gogoratu beharra dago atxiloketak gertatu zirela grebaren lehenengo egunetan, Ertzaintzak hainbat langile zauritu zituenean fabrikako sarreran. Hala eta guztiz ere, ez ziren pozik geratu eta zenbait polizia sindikatuk exijitu zuten grebalarien kontra gomazko pilotak jaurtitzea ahalbidetuko zuten armak erabiltzeko baimena izatea".
Mobilizazio gehiago
Gauzak hala, beste bi elkarretaratze egingo dituzte auzipetuei babesa emateko. Hain zuzen, Gasteizko epaitegien aurrean izango dira biak, epaiketak hasi baino lehen. Lehena, esan bezala, datorren astelehenean (irailak 18) izango da, 8:30ean bertako epaitegien aurrean.