Laudioko ‘Auzabezea’, herritarrak bakardadearen gainean sentsibilizatzeko jardunaldia

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 14a, 11:32

"Auzotasuna berreskuratu nahi du Auzabezea ekimenak, "auzo solidario eta zaintzaileak" sortzeko. / Auzobezea

Irailaren 23an Laudioko ‘Auzabezea’ ospatuko dute, “behar duten auzotarrekin solidarioa eta zaintzailea izango den auzoa sortzeak daukan garrantzia balioan jartzeko”. Egun osoko jai egitaraua prestatu dute Herriko plazan, adin guztietarako ekintzaz betea.

Irailaren 23an, larunbatean, Laudioko ‘Auzabezea’ ospatuko dute, herritarrak bakardadearen aurrean sentsibilizatzeko helburuarekin. Izan ere, jai eguna ‘Araba PREST’ Nahi Gabeko Bakardadearen Aurkako Estrategiaren barruan dago kokatuta eta Arabako Foru Aldundiak zuzentzen du Laudioko Udalaren lankidetzarekin.

Horien arabera, bakardadeari aurre egitea “erronka zaila” da, “bizi-zikloko edozein etapatan gertatu daitekeen banakako esperientzia subjektiboa” baita. Hala ere, sarri zahartzaroarekin lotzen omen dugu bakardadea, urteen poderioz babes sozialerako sareak murrizten baitira eta isolamendu soziala areagotu.

Horren aurrean, antzinako “auzoteria” berreskuratzeko ahalegina da Auzabezea: “Bertan auzokoek, tokiko merkatariek, eskolek, farmaziek eta zenbait eragilek babes-sare handia eskaintzen zuten, jendeak lagunduta zegoela eta baliotsua zela sentitu zezan”. Hori izango da, hain zuzen, egunaren xedea: “Guztiok daukagun erronka agerian jartzea, hau da, auzo eta udalerri solidario, enpatiko eta zaintzaileak sortzea”.

Egun osoko jaia

“Elkar zaintzen duten auzokoen” komunitate gisa “auzotasunak” daukan balioa berreskuratzeko, laudioarrak elkartu nahi dituzte bakardadearen aurkako abezearen inguruan. Gurutze Beitia eta Mitxel Santamaria aktoreek aurkeztuko dute 11:30ean txupinazoa jaurtita lehertuko den jaia.

Suziria jaurti eta berehala Battuere batukada hasiko da Herriko plaza girotzen eta txikiek Sorgina Txirulina antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute. 13:00etatik aurrera Patxi eta Konpania dantza plaza taldeak dantzaraziko ditu laudioarrak eta 13:30ean Justi Larrinaga aktoreak Jusgaduen antzezlana emango du.

Ostean, bazkari kolektiboa egingo dute parte hartzaileek eta bazkalostean bingo musikatua eta Xandalo orkestraren txitxarrilloak hartuko dute festa giroa bizirik mantentzeko ardura. Azkenik, 19:00etan, Jotake erromeriak dantzaraziko ditu Herriko plazara bertaratutako guztiak, ospakizun egunari agur esateko.

Horrez gain, goizez zein arratsaldez Txikigunea egongo da zabalik, zehazki, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Besteak beste, gaztelu puzgarriak, umeentzako jokoak eta tailerrak egongo dira bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide